Zikuñaga eta papergintzako beste bost enpresek greban jarraituko dute

Kronika - Erredakzioa 2015ko aza. 29a, 01:00

Ostiralean hasi zuen greba Gipuzkoako papergintza sektoreak; Hernaniko Zikuñaga, Amez­­ketako Aralar, Elduako Muns­kjö, Zizurkilgo Oria, An­doaingo Itasa eta Aizarna­zabalgo Zu­bialde dira Gipuz­koako 6 paper enpresak.
Aurreneko bi greba egunak «oso ondo» joan direla azaldu du ELA sindikatuak, eta «langileen atxikimendua altua» izan dela. Gaur ere greban jarraituko dute, eta beste hiru egunetan ere greba deitu dute: ostegunetik larunbatera.

«Sinatutakoa betetzeko eskatzen dugu»
ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta hasi da greba Gipuzkoako papergintza sektorean. Ostiralean, Tolosan egin zuten manifestazioan, «sinatzen dena bete­tzea» eskatu zuten.
«Langileok jabetu gara hi­tzarmen hau zein garrantzi­tsua den. Noski, soldata igoera duinak eskatzen ditugu, KPIaren erreferentzia hartuta, enpresen irabazi haundien tamainakoak. Baina hitzarmen honetan benetan axola zaiguna da erreforma laboralak gure enpresetatik kanpo uztea. Oinarri-oinarrizko zerbait eskatzen dugu: sinatzen dena betetzea. Horri esaten diogu ‘blindajea’. Gipuzkoako Papergintzako Hitzarmena derrigor bete beharrezkoa izatea nahi dugu. NONSTOP akordioak ere derrigorrezkoak izatea. Bestela, zertarako dugu Negoziazio Kolektiboa?». 
ELAk Kronikari azaldutakoaren arabera, «lan erreformaren ondorioz, Orpricce organoa sortu da, hitzarmen kolektiboak ez betetzeko». Horregatik jo dute grebara: «11 bilera egin ondoren, Adegik negoziazio mahaia blokeatu» duelako.

«Langileei banaka deika aritu dira, lanera joateko. Akordio bila ibili beharrean, begira zein den enpresaren jarrera»

«Zikuñaga enpresak infrakzioa egin du»
Greba jarraipen haundia ari da izaten, sindikatuen arabera, baina atzo, «Zikuñaga enpresak infrakzioa egin» izana salatu zuen ELAk.
«Gutxieneko zerbitzuak bete behar ditugu; hori da, zelulosa martxan edukitzea. Baina herenegun Zikuñagako zuzendaritza langileei banaka deika aritu zen, atzo bobinadora eta enpaketadora ere martxan jartzeko. Akordio bila ibili beharrean, begira zein den enpresaren jarrera. Lau pertsona aritu ziren erreleboka, eta inspekzioari deitu genion. Informea edukitzean, pentsatzen dugu enpresak infrakzioa egin duela azalduko duela». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!