Abenduaren 3a da Euskeraren Eguna, baina, beste behin, astebeteko egitaraua antolatu dute Euskara ari du ekimenaren barruan, Hernaniko ikastetxe, euskaltegi, euskera elkarte eta hainbat boluntariok, Udalaren laguntzarekin.
Gaur egingo da hasiera ekitaldia, 12:30etan udaletxeko arkupetan. AEK-k antolatuta, euskaldun ‘berriak’ omenduko dira. Segidan, eta 8 orduz, fotomatoia egongo da bertan, argazkiak atera eta bideo-mezuak grabatu ahal izateko, doan, eta etxera eraman ahal izango dira.
«Zuri, euskahaldun(berri), badugu zer eskertu»
Egitarau osoa aurkeztu zuten antolatzaileek asteartean, eta bertan, AEK-k azaldu zuen zein helbururekin aritu diren lanean: «euskaldun berriek aitortza jasotzea nahi genuen, beraiei esker ari garelako herria euskalduntzen, eta era berean, eskerrak eman nahi dizkiegu euskaldun zaharrei bide horretan emandako laguntzagatik».
Horregatik, gaur 12:30etatik 20:00etara fotomatoia jarriko da udaletxeko arkupetan, «euskahaldun(berri)ekin argazkiak ateratzeko eta haiei eskertza bide-mezuak uzteko», azaldu du AEK-k.
«Guretzat euskahaldun(berri)ekin argazki bat ateratzea edo haiei bideo-mezu bat uztea, eskerrak emateko modua da. Eskerrak eman nahi dizkiegu Hernaniko euskahaldunei hizkuntza ikasteko eta erabiltzeko hautua egin dutelako. Gainera, euskeraren transmisioa bermatu diete belaunaldi berriei. Eskerrak, hain zuzen, euskaltegian gurekin ordu mordoa eman dutelako, esfortzu ekonomiko zein pertsonal haundia egin dutelako, eta haiek gabe, Euskal Herri euskahaldun bat ezinezkoa litzatekeelako». Bakoitzak etxera eraman ahal izango du ezagutzen duen euskaldun berri horrekin ateratako argazkia.
Ostiral arte, gehiago
Astebeteko egitarauari gaur emango zaio hasiera, eta bihar, segida; 26 film laburrekin osatutako filma jarriko dute, 19:00etan Biterin. Astelehenean, berriz, Trantsizioak erakusketa inauguratuko da; asteartean, Gure Sor Lekuaren Bila dokumentala jarriko dute; asteazkenean, mintzodromoa egingo da; ostegunean, irakurraldiak; eta ostiralean, ikasleen ikuskizunak, Burbunak eta Etsayak dokumentala eta amaiera ekitaldia izango dira.
EGITARAUA
Gaur: Hasiera ekitaldia 12:30etan udaletxeko arkupetan. Euskaldun ‘berriei’ aitortza. Egun osoan zehar, fotomatoia egongo da arkupetan, euskera ikasi duen lagun batekin argazkia ateratzeko, doan.
Bihar: Euskal Harriaren ABDak filma, 19:00etan Biterin. Beldur, zientzia fikzio eta fantasiazko filma, 26 laburrekin osatua, Euskal Herriko 26 zuzendarik elkarlanean egina; tartean, hainbat hernaniarrek.
Azaroak 30: Erakusketa gidatua 19:00etan Biterin, Pello Zubiria, Ixiar Pagoaga eta Agustin Ezpondaren eskutik. Argia aldizkariak prestatutako Trantsizioak erakusketa Hernanira ekarria. Ondoren, ikusgai egongo da abenduaren 2ra arte.
Abenduak 1: Gure Sor Lekuaren Bila dokumentala, 19:00etan Biterin. Ondoren, Gure Sor Lekua dokumental originala, 1956an Hazparnen estreinatutako euskarazko dokumentala, Xare/Hertz laukotearen zuzeneko musikak lagunduta.
Abenduak 2: Mintzodromoa Biterin, 10:00-11:00 eta 18:00-19:00.
Abenduak 3: Euskeraren Eguna. Irakurraldiak egingo dira Zumitza, Deportibo, Garin eta Caserio tabernetan, 18:30etatik aurrera, herriko musikarien laguntzarekin.
Abenduak 4: ikasleek antolatutako ikuskizunak Kaxkoan, 10:00etatik 12:00etara. Arratsaldeko 19:00etan, berriz, Aranzadik eta Doberak sustatutako Burbunak eta Etsayak dokumentala Biterin, eta asteari amaiera emateko ekitaldia.