Larunbateko Plenoan, Andoni Gartzia EH Bilduko zinegotzia liberatzea onartu zen aho batez, eta gaiaren inguruko balorazioa egin du Gobernu Taldeak. «Kargua hartu bezain pronto, Jesus Mari Santos alkate jeltzaleak oposizioko bi alderdiei eskaini zien, EH Bilduri eta PSE-EEri, udalerrian egiten zuten lanagatik ordainsaria jasotzea. Kortesiazko keinua onartu egin du ezker abertzaleak», azaldu du.
Aurreko legegintzaldian ez bezala, orain, EAJ-PNVko gobernua, gainerako alderdiei beraien lana egiteko erraztasunak ematen saiatu dela nabarmendu dute: «Gobernu Taldearen ustez fiskalizazio lana ona da, beharrezkoa, eta oposizioak ere gauzatu behar du. Horregatik proposatu genuen zinegotziei ordaintzea, udaleko bileretara joateagatik. Dietak ere eskaini ditugu EH Bilduk orain dela lau urte ukatu zituenak, aipatutako liberazio erdiaz gain».
Honako kritika ere egin dio EH Bilduri: «Orain arte, ezker abertzalearen diskurtsoa izan da, zinegotzi baten lana ez dela ordaindu behar. Uztaileko plenoan, alderdi abertzaleko kideek pleno eta batzordeetako dietei uko egin zieten. Orain, berriz, Andoni Gartzia alkate ohiak eta egungo zinegotziak ez du zalantzarik egin aipatutako liberazio erdia onartzeko».
Eta gaineratu du: «EAJ-PNVko gobernuarentzat legitimoa da alkate ohia liberatua egotea. Oposizioko alderdi politikoek gobernua kontrolatzeko betebeharra dute eta kontrol lan horrek ordaintzea merezi du. Dena dela, liberazioak, orain arte EH Bilduk mantendutako filosofiarekin talka egiten du. Urrutira joan gabe, azken plenoan Gartziak adierazi zuen lan egiteko gogoak ez duela bat etorri behar kobratzen denarekin».
Guztia kontuan hartuta, Gobernu Taldeak uste du EH Bilduren diskurtsoa «demagogikoa» dela eta «alderdi abertzalearen itxurazko eskuzabaltasuna, dietei uko eginez, populismo ekintza bat besterik ez zela izan». Errealitatea honakoa dela dio: «Ez Hamaikabateko ez EAJ-PNVko zinegotzi bakar batek ez zuen kobratu aurreko legegintzaldian. Orain, berriz, EH Bilduko batek kobratuko du eta gainera, kontratuarekin».