Galleta tailerra, irteerak... Gabonak euskeraz gozatzeko!

Kronika - Erredakzioa 2015ko aza. 28a, 01:00

Aukera ederra izango dute Urumea bailarako haurrek, Gabonetako oporretan ere euskerazko aisialdiaz disfrutatzeko. Aurten ere, Negulekuak antolatu ditu Dobera Euskara Elkarteak, abenduaren 21etik urtarrilaren 5era bitarte.
3 eta 10 urte bitarteko haurrentzat da, eta denetik egingo dute bertan, oporraldian ondo pasatzeko. Goizeko 09:00etan elkartuko dira Hernaniko Biteri kultur etxean, egun bakoitzeko plangintzari ekiteko, eguerdiko 13:30etara arte: «egun ba­tean eskulanak egingo ditugu, beste batean jolasak, tailerrak...», azaldu dute Doberatik.

«Irteeratxoren bat ere egiten dugu, Gabonetako pinetara»
Hernanin egiten diren ekintzetan ere egoten dira: kiroldegiko jolasetan, antzerkia ikusten... «Eta irteeratxoren bat ere egiten dugu. Lehengo urtean, adibidez, Astigarragako Gabo­ne­tako pinera joan ginen».
Biterin bertan, hala ere, ba­daukate zerekin gozatu: «aurten, galleta tailerra egiteko asmoa daukagu; guztion artean galleta goxo-goxoak egin, eta ondoren jan».

Eguraldi onarekin, kalera jolastera!
Biterin egiten dituzte ekintza gehienak, eta besteak beste, ipuin kontaketak ere izango dira bertan: Zozomikoteak eta Chertat eta lehoia, Jexux Eiza­girre idazlearen eskutik.
Baina kalera ere aterako dira, eguraldi ona egiten duenean. Mota guztietako jolasak egingo dituzte: ginkanak, zaldia eta zalduna, semaforoa...
Euskara Elkarteak nabarmendu du, «oso giro polita» sortzen dela, adin ezberdinetako haurrak elkartzen baitira: «lagun berriak egiteko tokia ere bada, herri eta ikastetxe desberdinetako haurrek elkar ezagutzen dutelako bertan».

Apuntatzeko epea, zabalik
Abenduak 15era arte eman daiteke izena, eta aste bakarrerako edo bi asteetarako apuntatu daiteke. Horretarako, izenemate fitxa bete eta Doberan entregatu behar da; eta diru sarrera egin. Informazio gehiago: 943 33 27 99, dobera@dobera.eus, edo bulegoan (Larramendi, 11). 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!