EH Bilduko zinegotziek hondakinen gaiaren inguruan prentsaurrekoa eman zuten larunbatean, Plenoaren ostean. Kontsultaz aritu ziren eta galdeketa «txukun eta arduratsua» izateko, EH Bilduren jarrera «eraikitzailea» ezinbestekoa izan dela uste dute: «Galdeketaren antolakuntzan buru-belarri murgildu gara eta herritarrak protagonistak direla sinetsita, galdeketa mahaia eratu da».
Astigarragako EAJ eta PSE-EE alderdiek eboluzio positiboa izan dutela ere uste dute: «Galdeketan, ez dugu izango 5garren edukiontzi arruntaren proposamena. EAJk eta PSE-EEk onartu dute, euren alderdiak bultzatu duten edukiontzien sistema ez dela eraginkorra bilketa datu altuak lortzeko. EH Bilduren aurka gogor aritu ostean, posizioa aldatu izana positiboa eta zoriontzekoa da».
Eta gaineratu dute: « 4 urteetan hondakinak selektiboki banatzea boluntarioa edo hautazkoa izan behar duela errepikatu ondoren, derrigortasuna aplikatzen duen sistemaren alde egin dute. Soluzioa hementxe dago: herritar guztiok dugu gure hondakinak ondo bereizteko obligazioa. Beraz, ongi etorriak EAJ eta PSE-EE».
Bilketa datuak mantentzea, helburua
EH Bilduk azpimarratu du, Astigarragak zero zabor herri izaten jarraitu dezan, lan egiten jarraituko dutela. «Gure helburua hasiera-hasieratik, hondakin bilketa selektiboan urratsak ematea izan da. Horren erakusle 2 urteetan emandako jauzi erraldoia: %30 eskaseko bilketa selektibotik %83ra. Hortaz, galdeketa antolatzeko garaian, helburu bera izan dugu: erabakitzen den sistema erabakita, bilketa datuak mantentzea».
Dena dela, oraindik zehaztu beharreko gai eta puntu asko daudela gaineratu dute, «batik bat bilketa sistema aldatuz gero. Lan izugarria dugu aurretik eta EH Bildutik prestutasun osoa dugu lan horretan guztiz murgiltzeko. Konpromiso bera eskatzen diogu udal gobernuari.
«EAJk eta PSE-EEk onartu dute edukiontzien sistema arrunta ez dela eraginkorra bilketa datu altuak lortzeko»
Apustua, atez atekoarekin jarraitzea
EH Bilduren apustua atez atekoarekin jarraitzea da: «Emaitza ezin hobeak dagoeneko lortu ditugulako eta proposatzen den sistema alternatiboak errefuxari ateak nolabait ixten badizkio ere, ez dugu ziurtasunik emaitza bera lortzeko gaitasuna izango duela. Gainera, atez atekoa sistema malgua dela defendatzen dugu eta hobekuntzak beharrezkoak direla ere uste dugu: altzari bilketan, paperaren bilketan...».
Errauskailua, «zentzugabekeria»
Hondakinen gaiari osotasunean ondo heltzeko, errauskailua ezin dela ahaztu nabarmendu du EH Bilduk. «Astigarragan izan den manifestazio jendetsuenak argi esan zion ezetz errauskailuari, baita orduko EAJ eta PSE-EEk ere. Osasunarentzat eta ingurugiroarentzat kaltegarria, zama ekonomiko jasanezina eta Europatik datozen aireen aurkakoa den azpiegitura izateaz gain, bideraezina da. Erraustegian ezingo da birziklagarria den ezer erre eta beraz, sistema batek zein besteak emaitza berak eman behar baditu, zentzugabekeria eta arduragabekeria da errauskailua defendatzen eta bultzatzen jarraitzea».
Errauskailuaren inguruko galdeketa egitea ere beharrezko ikusten du EH Bilduk. «Plenoan argi ikusi dugu EAJk eta PSE-EEk galdeketaren tresna euren interesetarako bakarrik denean erabili nahi dutela. Biak ala biak, galdeketen defendatzaile sutsuak izan dira aurreko lau urteetan eta orain, esandako guztiak ahaztu eta errausketa inposatu nahi digute berriz ere», diote.
Errauskailuaren inguruan galdeketa egiteko martxan jarri daitezkeen dinamika guztiak babestuko dituztela adierazi dute, «herriak gai honetan ere hitza izan behar duelako».