Dokumental baten bilaketa, beste dokumental batean kontatua. Horixe da Gure Sor Lekuaren bila dokumental bitxia, Josu Martinez zinegilearena: «nire abenturak eta desbenturak kontatzen ditut bertan, euskerazko aurreneko dokumentala bilatzen aritu nintzenean».
Bilatu eta aurkitu zuen dokumental hori, berriz, Gure Sor Lekua da, Hazparneko André Mandrék egina 1956an.
Biterin emango dituzte biak gaur, 19:00etatik aurrera: Josu Martinezen dokumentala aurrena, eta Gure Sor Lekuaren zati batzuk ondoren, zuzeneko musikaz lagunduta. Zergatik musikarekin? «Dokumentalaren irudiak aurkitu genituen Parisen, baina ahotsik ez zeukaten; eta Joserra Senperenak jarri zion musika, dokumentalari», dio Martinezek.
«Delikatesen bat izango da gaurko saioa»
Lau musikari egongo dira bertan, euskerazko aurreneko dokumentalaren irudiei laguntzeko, tartean Jon Ansorena hernaniarra: «oso polita izango da gaurko saioa, delikatesen bat», aurreratu du Martinezek.
Ahotsa izango duena, Martinezek berak egindako dokumentala da, bertan kontatuko baitu, Mandrék zergatik egin zuen dokumentala euskeraz, historia pixka bat... Eta noski, nolakoa izan zen dokumentala bera bilatzeko prozesua: «gure historiaren alde ahaztu baten bilaketa da, suspensearekin eta umorearekin kontatua. Arina da, tonu komikoa dauka, eta irriparre batekin ikustekoa da. Zerbait akademikoa behar zuena, publiko guztiarentzako modukoa da, tarte atsegin bat pasatzeko».
«Luzea eta sorpresaz betea izan da bilaketa»
Ikerketa unibertsitario bat behar zuena, «detektibe lana» bihurtu zen Martinezentzat. Izan ere, doktore tesia egiten ari zela izan zuen Gure Sor Lekuaren berri, eta hari horri tiraka hasi zuen bilaketa: «luzea eta sorpresaz betea izan da. Urtetan luzatu da prozesua, eta bilaketak toki askotara eraman nau, Parisetik Senegalera, Argentinatik Kaliforniara... Eta oso pertsonaia desberdinak eta bereziak ezagutu ditut bidean», kontatu du Martinezek.
Hain justu, Parisen aurkitu zuen dokumentalaren zatiak jarriko dituzte gaur, eta ondoren, solasaldia ere izango da, Biterin egongo baita zuzendaria bera ere.