Astelehenean iritsiko da Hernaniko Hezkuntza Plataformaren erakusketa ibiltaria, Ereñotzuko Txirrita eskolara. Bertan jasotzen dira, maiatzaren 9an LOMCE legearen kontra egindako ekimenaren argazkiak. Azaro hasieratik, eskolaz eskola dabil erakusketa, eta abenduaren 4ra arte egongo da Txirritan, Elizatxo ikastolatik etorria. Ereñotzutik, Hernani BHI institutura mugituko da gero.
«Guraso eta herritarrei» dago zuzenduta erakusketa, «datozkigun erasoen aurrean inplikazioa bilatzeko asmoz», Hezkuntza Plataformak azaldu duenez.
Mobilizaziorako deia, gaur Donostian
LOMCEren kontra, ekintza gehiago ere antolatu dituzte, eta gaur, mobilizazio nazionala deitu dute. Kalejira egingo dute Donostiako Bulebarrean, arratsaldeko 17:00etan hasita, Euskal Herrian hezkuntza eredu propio bat aldarrikatzeko. Hernaniko taldeak, Bretxan jarri du elkartzeko zita, ordu laurden lehenago, 16:45etan.