Sei eguneko greba hasiko du gaur, Gipuzkoako papergintzak

Kronika - Erredakzioa 2015ko aza. 27a, 01:00

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, 6 greba egun egingo dituzte Gipuzkoako sei paper enpresek, gaur hasi eta datozen 8 egunetan.
Hernaniko Zikuñaga, Amez­­ketako Aralar, Elduako Muns­kjö, Zizurkilgo Oria, Andoaingo Itasa eta Aizarnazabalgo Zu­bialde dira Gipuzkoako 6 paper enpresak. «Denetan baiezkoa atera da», azaldu dute sindikatuek. Greba egingo dute, gaur, bihar eta etzi; eta abenduaren 1ean, 3an eta 4an.
Patronalak, berriz, Adegik, demanda sartu du, greba «tranposoa eta abusiboa» dela iruditu baitzaio.

Urtarriletik hona, 11 bilera
Sindikatuek eskatu dute Gi­puz­koako hitzarmen probintziala errespetatzeko. «Abenduan egin genuen denuntzia, eta urtarriletik hona 11 bilera egin ditugu negoziazio mahaian, baina Ade­gik mahaia blokeatu du. Sinatu­takoa errespetatzea eskatzen ari gara».
Lau sindikatuek hitzarmenean bi puntu jaso behar direla uste dute. Batetik, «Adegik planteatu dituen soldata igoerak baino handiagoak, eta KPIari lotuak; hau negatiboa balitz, igoera duina bermatzen duten klausulekin». Bestetik, bi blindaje, «Lan Erreformaren gainetik bere aplikazioa bermatzeko: hitzarmen probin­tzialean adostutakoa blinda­tzeko, eta ‘Non-Stop’ paktuetan adostutakoa blindatzeko».

Manifestazioa gaur Tolosan
Gaurkoa izango da aurreneko greba eguna, eta manifestazioa deitu dute, 11:00etan Tolosako triangelutik abiatuta. Larunba­tean, kotxekarabana. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!