Ardoa eta arrainaren ibilbidea, Kantabria mendizerran barrena

Kronika - Erredakzioa 2015ko aza. 26a, 01:00

Lagran eta Guar­diako hiribildua lotzen dituen etapa (GR38) proposatu du Mendiriz Mendik abenduaren 20rako.  Hegoalderantz joanez, Toroko mendatetik, Kanta­briako mendilerroa zeharkatuko dute, eta beste aldera, ma­hastiz beteriko lurretara jaitsiko dira. Ardoa eta arrainaren ibilbidea egingo dute, beraz, Ara­ban, Errioxa eta Arabako Men­diak bereizten dituen Kantabria mendizerran barrena. 
Mendilerro honen hegoko isurialdean erliebea malkartsua eta harritsua da. Iparraldean, ordea, pagadi zabalak daude. Gailurrek 1.300 metrotik gorako garaiera hartzen dute eta haietatik ikuspegi zabalak ikusi ahal izaten dira bai hego aldera, bai ipar aldera. Hegoaldean Ebro ibaiaren meandro zabalek ma­hastiz beteriko lurrak bustitzen dituzte. Errioxako ardoaren usaina airean nabari da.

Abiapuntua, harresiak inguratutako herria
Lagran antzina harresituta egon zen herria da. Hirigunearen men­debaldean harresiaren arras­to bakarra den Kristoko Ataria aurkitzen da. Herrian ere XVI. mendekoa den Andre Mariaren eliza bisita daiteke. Bestalde Lagranen “La Travesia” Ardoaren eta Arrainaren Ibilbi­dearen Interpretazio Zentro berria kokatuta dago. Bertan antzinako merkatal ibilbide honen xehetasunak ezagutzeko aukera dago. 

Lagranetik Cruz del Castillo gailurrera
Lagranetik zuzen irten behar da, Toro mendatea ikusten den aldera, asfaltatutako partzela-pista batetik. Pistari jarraitu bidegurutze bateraino, eta zuzen jarraitu eta lurrezko pista batetik igotzen hasi. Pista basoan sartzen da, eta igo egin behar da postez adierazitako bidegurutze bateraino iritsi arte. 
Bertan pista utzi eta ezkerreko bideari jarraitu behar diogu. Basotik igotzen jarraitzen du bideak.  Iturritxo batera iritsiko gara eta berehala ezkerretik datorren pista batekin egiten da topo. Guk eskuinera egin behar dugu eta igotzen jarraitu.  Ongi markatutako bideari jarraituz argigune batera irtengo gara. Apur bat aurrerago poste batez adierazitako bidegurutzea aurkituko dugu. Ezkerretik Toro mendatea joaten da eta eskuinetik Cruz del Castillo gailurrera igotzen da.
Ibilbidea ez denez oso luzea, eguraldia ona bada Cruz del Castillora igotzeko asmoa dago. Bideak ez du zailtasun berezirik. Hori bai, aldapa gogorra da. Bidegurutzetik 25 minututan gailurrean gara eta bistak zoragarriak dira. Merezi du igotzeko egin beharreko esfortzuak.

Igo ondoren, dena behera
Berriro bidegurutzera jaitsi eta eskuinera egingo dugu. Be­re­hala gara Toro mendatean. Hemendik aurrera bideak behera egiten du beti. Klima aldatzen dela ere nabaria da. Begetazioa lehorragoa da eta gure aurrean Errioxa osoko lautada dugu.  Lepotik 15 minutura bidea pista batera irteten da. 
Pistatik jaisten jarraitu eta ia bi kilometro egin ondoren bidegurutze batekin egingo dugu topo. Aurrera jarraitu eta laurehun metro aurrerago bidea bitan banatzen da. Ezkerreko adarra hartu eta jaisten jarraitu. Zortziehun metrotara dagoen asfaltatutako pistari jarraitu behar zaio Guardiara iritsi arte.

Burdin Aroko aztarnak
Guardiara iritsi baino zor­tziehun metro lehenago, ordea, Erromatarren aurreko La Hoya herrixkaren arrastoak daude; Burdin Aroko aztarnategirik garrantzitsuenetakoa da pe­nin­tsulako iparraldean. 70-90 ha­markadetan eginiko indusketetan ateratako ehunka objekturi esker hobeto ezagu­tzen dugu bertoko jendearen eguneroko bizimodua. Herrixka unerik go­renean zegoenean, azoka egun batean jasotako erasoaldi  batek suntsitu egin zuen. Bertan erabiltzen ziren tresna eta baliabideak bere horretan utzi zituzten bertoko biztanleek eta bere horretan, lurpean, egon dira aurkitu diren arte. Objektuen aztarnek biztanleak nekazari­tzatik eta abeltzaintzatik bizi zirela egiaztatu dute. Salerosian aritzeko eta beste toki batzuetako produktuak erosteko adina ekoizten zutela ere egiaztatu da.
Herrixkaz gain, bi nekropoli ere aurkitu dira. Ikertu diren ia 60 hilobitan hildakoen errau­tsen ondoan lurperatuta zeuden tresnek erakusten dute gudariek garrantzi handia zutela eta giza talde nagusia osatzen zutela. Igande eta jaiegunetan 10:00 eta 14:00 bitartean herrixka bisitatzeko aukera dago. Sarrera doakoa da.
 

DATU INTERESGARRIAK

- Luzera: 412 km.
- Denbora: 4 ordu.
- Desnibel metatua: 750 m gorantz eta 900 m beherantz.
- Gailurra: Cruz del Castillo (1.431 m).
- Zailtasun berezirik gabekoa. 
- Beharrezko materiala: mendiko material arrunta. 
- Mendiriz Mendik abenduaren 20an egingo du irteera hau.
- Nola iritsi: N-1 errepidea jarraituz Gasteizera hurbildu. Bertan Trebiño aldera doan A-2124 errepidea hartu. Uzkiano pasa ondoren aurkituko dugun bidegurutzean ezkerrera egin, eta CL-127 eta gero, A-3132 errepideei jarraituz, Lagranera hurbildu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!