Hernaniko Koordinadora Feministak biltzen dituen herriko eragileek bat egin dute gaurko aldarrikapen egunarekin, eta kontzentrazioa deitu dute arratsaldeko 19:00etan Plaza Berrin, emakumeen aurkako indarkeriaren kontra azaltzeko.
Horrez gain, ekintza gehiago ere antolatu dituzte.
Performance-a eta tailerrak
Batetik, gaur arte Jantzi betaurreko moreak egitasmoa landu du institutuan, Hernani BHIko hezikidetze taldeak.
Era berean, Liletak taldeak performance-a egingo du gaur institutuan.
Gazte Txokoak eta Arremanitzek, berriz, txapak eta murala egingo dituzte gaur, eta reggaetoi abestiak aztertuko dituzte.
Abenduan, bi tailer
Bestalde, gaurko aldarrikapena egun bakarrera mugatu ez dadin, bi tailer antolatu dituzte abendurako.
Aurrenekoa, abenduaren 11n izango da. Bilgune Feministak Zaindu maite duzun hori tailerra emango du Biterin, 18:30etatik 20:30etara. Izenematea irekita dago hernanikotxokofeminista@gmail.com helbidean.
Bigarrena, abenduaren 15ean izango da, Berdintasun Kontseiluak antolatuta; arratsaldeko 18:30etan Qué hacer ante un caso de violencia sexista hitzaldia izango da. Izenematea marijo-m@hernani.eus helbidean irekita dago.
Bat egiteko deia
Hernaniko Koordinadora Feminista osatu dute Duintasuna Pentsionisten elkarteak, Hernaniko Gizon Taldeak, Amher elkarte kulturalak, Hernaniko Bilgune Feministak, Liletak taldeak, Arremanitzek, Hernaniko Gazte Txokoak eta Berdintasun Kontseiluak. Guztiek egin dute bat gaurko aldarrikapen egunarekin, eta gauza bera egiteko deia luzatu diete herritarrei, Matxismoak hiltzen gaitu, autodefentsa feministaz aurre egin! lelopean.
Udala
Gaurko aldarrikapenarekin bat, atzoko Plenoan
Hernaniko Koordinadora Feministak aurkeztutako adierazpena aho batez onartu zuten alderdi politiko guztiek atzoko Plenoan, gaurko aldarrikapen egunarekin bat eginez.
Atzoko Plenoan Hernaniko Kordinadora Feministak aurkeztutako adierazpen instituzionala aho batez onartu zuten EH Bidluk, EAJ-PNVk, PSE-EEk eta Orain Hernanik.
Bertan adierazi zuten «indarkeria sexistaren aurkako borrokan apustu garbia egitako garaia» dela.
Sistema patriarkalaren mekanismoari aurre
Adierazpenean azaldutakoaren arabera, «sistema patriarkalak emakume bakoitzarentzat bere indarkeria mekanismoa espezifikoa dauka». Era berean, gaurko egunaz gain «sistema patriarkalak beste 364 egunez jarraitzen du gu iraintzen, jipoitzen, erasotzen eta erailtzen». Eta horren aurrean, argitu zuten: «feministok lanean jardungo dugu urte osoan».
Plenoan adierazpenarekin bat egin, eta gaurko kontzentraziorako «gonbiapena jasotzen» zutela azaldu zuen alkateak.