Larunbatean jokatu zen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lehenengo finalaurrekoa Zarautzen, eta Agin Laburuk ia ia finalerako txartela eskuratu zuen. Bigarren geratu zen, irabazletik 8 puntutara besterik ez, eta aukera dexente ditu abenduaren 19an Ilunben jokatuko den finalera pasatzeko. Dena dela, bertsolari astigartarrak falta diren bi finalerdien zain egon behar du orain.
Alaia Martinek irabazi zuen 504 puntu lortuta, eta oiartzuarra lehenengo finalista da. Laburuk 496 puntu lortu zituen eta Ander Lizarralde izan zen hirugarrena, 455,5 punturekin.
Bigarren finalaurrekoa igandean jokatuko da Tolosan. Bertan ariko dira, besteak beste, Hernaniko Bertso Eskolako Unai Agirre eta Beñat Gaztelumendi. Saioko irabazlea zuzeneko bigarren finalista izango da.