Arrisala elkarteak kontzentrazioa deitu zuen larunbatean, Frantzian, Palestinan, Libanon... izan diren erasoen kontra eta bertako herritarren alde. Haiekin bat egin zuten AMHER elkarteak, Gure Esku Dagok, Onda Vascak eta Federacion Española de Entidades Religiosas Islamicas (FEERI) taldeak.
Herritarrek emandako erantzunarekin pozik, elkarbizitzaren alde lan egiten jarraitzeko deia luzatu du Arrisalak, prentsa ohar bidez.
«Islamak garrantzia ematen dio bizitzari, bakeari eta elkarbizitzari»
Arrisalak berriro ere kondenatu du «biolentzia eta terrorismoa, orokorrean», eta dei egin du bizitza errespetatzeko, «bizitzeko eskubidea eskubide guztien gainetik baitago».
Era berean, azpimarratu du terroristek egindakoa ez zaiela Euskal Herriko musulmanei egotzi behar. «Islamak garrantzia ematen dio bizitzari, bakeari eta elkarbizitzari». Horrez gain, politikariei eskatu die ez aprobetxatzeko egoera, «boto gehiago lortzeko, eta errespetatu dezatela terrorismoaren biktima direnen familien mina».
Azkenik, dei egin die «hernaniar eta euskaldunei, musulmanekin batera elkarbizitzaren alde lan egiteko». Izan ere, azaldu du: «ez da segurtasunik egongo munduan, justizia sozialik ez badago, eta gizaki guztiak berdin tratatzen ez baditugu edo giza eskubideak errespetatzen ez baditugu».