Merkataritzako hainbat sektoretako joerak aztertu eta merkataritza bera sustatzeko aste berezia antolatu du Beterriko Merkataritza Bulegoak. Horren bueltan, herritar guztiei irekitako hitzaldi eta tailerrak izango dira, eta ostiralean, Ostiral Beltza, Black Friday bezala ere ezaguna, egingo da; dendak 22:00ak arte ireki eta eskaintza bereziak izango dira.
Hitzaldia elikadurari buruz, eta tailerra, gaur
Asteko aurreneko ekitaldia gaur egingo da. Arratsaldeko 18:00etatik 19:00etara, hitzaldia izango da, doan, Biterin, elikadurari buruz. Karabeleko-ko kideek proiektua aurkeztuko dute, eta bertako produktuak kontsumitzearen garrantziaz ariko dira.
Segidan, 19:00etatik 20:00etara, garagardo ogia egiten erakutsiko du Antziola Okindegiak, Biterin baita ere, doan. Baina izena eman behar da: 943 33 30 49/admin@hernanidendak.eus.
Ostiralean, desfilea eta deskontuak
Hurrengo hitzaldia ostiralean izango da; moda eta osagarrien inguruan hitz egingo du personal shopper batek, 18:30etatik 19:45etara Biterin, desfile bat egin bitartean.
Jarraian, 20:00etatik 22:00etara Ostiral Beltza ospatuko dute Berriak elkarteko hainbat dendek; irekita egongo dira, eta modu berezian apainduko dira. Gainera, pastak eta bestelakoak eskainiko dituzte, eta giroa jartzeko batukada izango da herrian zehar.
Horrez gain, egun osoan zehar %20ko deskontua aplikatuko dute hainbat dendek.