«Hernanira konplizitateak bilatzera gatoz», azaldu dio Hasier Arraizek Kronikari. Izan ere, gaur arratsaldeko 19:30etan Biterin, Euskal Bideaz eta prozesu independentistaz ariko da Arraiz, Rebeka Uberarekin batean, eta prozesuaren abangoardia herritarrek izan behar dutela uste dute.
Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan, martxan
EH Baik eta EH Bilduk 7 euskal lurraldeetara begira egindako proposamenaz, Euskal Bideaz, ariko dira gaur Arraiz eta Ubera. «Hiru prozesu eratzaileren prozesu bateratzailea da», azaldu du Arraizek.
Batetik, Ipar Euskal Herriaren aitortza instituzionala du helburu prozesuak. «Abenduan pausu erabakigarria eman daiteke; galdeketa hasiko da herriz herri, eta lehenengo aldiz, herri elkargoa sortu eta instituzio bilakatzea lortu daiteke; lurraldetasunaren ikuspegitik estrategikoa izango da».
Bigarren prozesua Nafarroa Garaikoa da. «Aldaketa politikoa lortzea estrategikoa zen, eta lortu da. Orain, aldaketa hori edukiz jantzi behar da. Nafarroa Madrilera begira egon beharrean, euskal lurraldeei begira jartzea lortu nahi da. Baina, batez ere, nafarrak bilakatzea, Nafarroaren etorkizuna erabakiko dutenak».
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan «estatus politiko berria»
Euskal Bideak bateratzen dituen prozesuetan hirugarren eta azkena, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoari dagokiona da. «Estatus politiko berria aldarrikatzea da helburua, erabakitze eskubidea ardatz izango duena. Horretarako, galdeketa egitea da asmoa, gure etorkizun politikoari begira. Batetik, galdetzea zein harreman nahi ditugun espainiar estatuarekin, behin menpekotasuna gaindituta, Euskal Estatua sortzeari begira. Bestetik, barrura begira, galdetzea zein harreman nahi ditugun gainontzeko euskal lurraldeekin».
Beste lurraldeekin alderatuta, kasu honetan prozesua mantsoago dijoala azpimarratu du Arraizek. «Beste martxa bat planteatzen dugu; Katalunia kontuan hartzea».
«Estatus politiko berria aldarrikatzea da helburua, erabakitze eskubidea ardatz izango duena»
«Katalunia bide bat irekitzen ari da; aprobetxatu egin behar dugu»
Arraiz eta Ubera Kataluniako Parlamentuan izan ziren azaroaren 9an, eta hori ere izango dute hizpide gaurkoan. «Han izan ginen deklarazio historikoa egin zenean. Katalunia bide bat irekitzen ari da, eta aprobetxatu egin behar dugu. Bi herri gara, egoera desberdinean, baina biak gaude estatu beraren menpean. Kataluniak ere aprobetxatu du Euskal Herriaren borroka».
«Ipar Euskal Herrian herri elkargoa sortu eta instituzio bilakatzea lortu daiteke; estrategikoa izango da»
Herritarren babesa, ezinbestekoa
Prozesua «pausoz pauso eta herritarren babesarekin egin beharrekoa» dela dio Arraizek, helburua izango duena, «justizia soziala eta burujabetza ardatz dituen Euskal Estatua».
Horregatik, «Hernanira konplizitateak bilatzera» datozela azpimarratu du. «Guk ere nahi dugu herritarren prozesua izatea. Instituzioetatik lagundu egin behar dugu, baina ezin gara prozesu independentistaren abangoardia izan; herriak izan behar du, prozesuak kalean egon behar du».