Hernaniko alderdi sozialistak Kronikara bidalitako prentsa oharrean gogoratu du, Memoriaren Egunean egin zen ekitaldirako babes osoa eman zutela, nahiz eta ez izan «guk nahi genuen ekitaldia». Hala ere, aurreneko pausu gisa, positiboa dela azaldu dute, eta etorkizunera begira, garrantzitsua. Sozialisten ustez, oraindik asko dago egiteko: «bide asko dago aurretik. Oraindik ez da ETA desagertzea lortu. Hala ere, bidea pausuz pausu egiten da. Eta normala da, denok ez egotea %100 ados egiten diren ekitaldiekin, izan ere, bakoitzak gure erara antolatzen dugu. Hala ere, adostasunaren bidean, eta etorkizunari begira, denok eman behar dugu amore. Eta horrela izan da, zintzotasunetik egin dugu lana alde guztiok».
«Beti defendatu dugu ezberdinen arteko elkarbizitza»
Oharrean, gogoan izan dituzte ez dauden kideak: «gure artean ez dauden kideak gogoratu nahi ditugu, eta terrorismoaren biktimak ere bai». Azaldu dutenez, Udalean ekitaldi komun bat egiteak ez du esan nahi baikotzak bere iraganari uko egiten dionik: «gure larruan sufritu dugu terrorismoa, eta baita Hernanin, diferente pentsatzen dugunokiko intolerantzia. Hala ere, beti defendatu dugu ezberdinen arteko elkarbizitza. Hau izan daiteke dugun aukerarik onena, etorkizuna konpartitzeko, bakean eta errespetuarekin».
«Gertatu den guztia jakin behar dela uste dugu»
Iraganean gertatutakoa ez errepikatzeko, gertatu den guztia jakin behar dela dio alderdi sozialistak: «interpretazio interesaturik gabe, bestela modu faltsuan itxiko dugu garai iluna. Etorkizunak oinarri izan behar ditu hainbat errekonozimendu: «injustizia, egin den mina eta biktima guztien duintasuna. Eskubidea dute egia, justizia eta erreparaziorako».
Alderdi sozialistak uste du, gertatutakoaren kontakizunak interpretazio ezberdinak izan ditzakeela, baina konpartitua izan behar duela: «hori izango da garantia, berriro ere ez gertatzeko. Bide horretan, Udalak memoriaren inguruan egin duen errekopilazioak ez du laguntzen, ez baitago osatua. Ez dira minarekin eta sufrimenduarekin lotura duten hainbat pasarte biltzen. Baina prest gaude, lana egingo dugu memoria osatzeko».