Hernanin hasi zen jokatzen Xabier Garmendia, 14 urterekin. «Donostiako Bera Beran hasi nahi nuen, baina amak ez zidan utzi, Hernanin jokatzea nahi zuen». Hasieran ez omen zitzaion errugbia gustatzen, baina «amak jarraitzera animatu ninduen, eta 16-17 urterekin gustora joaten nintzen».
Hortik aurrera, ikaragarrizko garapena bizi izan du Garmendiak, errugbian; 18 urterekin Biarritz Olympiquen Espoirs taldean, 23 urtez azpikoetan, fitxatu zuten eta kontratua bukatzean, Galesera joan zen. Duela hiru aste bueltatu zen Hernanira, eta biharkoa, denboraldi honetan jokatuko duen hirugarren partidua izango da.
Hernaniren Ohorezko Mailarako igoera bizi, eta Biarritzen fitxatu zintuzten. Zurea bai, saltoa!
Patrick Polidori, Hernaniko entrenatzailea, Baionakoa da, eta berak esan zidan hara joateko. Probak egin behar dira, eta horretan ari nintzela, Biarritzek ere probak egiteko eskaini zidan. Haiek lagun batekin joateko aukera eman zidaten, eta hori aukeratu nuen; Unai Becerrarekin joan nintzen. Bera urtebetera bueltatu zen, baina nik 3 denboraldi egin nituen.
Maila altua aurkituko zenuen...
Maila eta errugbi mundua bera, oso altuak dira han. Profesional bizitza neukan; astean 7 aldiz entrenatu, partiduak... Eta ikasi! Donostian Sukaldaritza Zuzendaritza ikasten nuen bitartean! Derrigorrezkoa da ikastea, talde hartan, baina bitartekoak jartzen dizkizute; azterketa egunak aldatu, klaseak saltatzeko aukera...
Posizio jakin batean jokatu duzu beti?
Errugbian txikitatik hartzen dira kontuan gorpuzkera, norberaren ezaugarriak... Ni beti izan naiz haundia eta pisuduna, beraz, delanteran aritzen naiz; pielier (3 zenbakia) edo bigarren lerroan (5 zenbakia).
Aldea nabaritu zenuen Hernanirekin?
Hernanin, lagunekin ibiltzeko egiten nuen errugbia; koadrila da. Beste motibazaio bat dago. Han, batzuetan behartuta sentitzen nintzen, eta gogo gutxirekin. Oso zorrotzak dira; adibidez, 08:00etan entrenatzeko, 07:55etan han egon behar genuen, eta bestela, zigorrak izaten ziren, eta talde osoarentzat! Baina errugbiaz asko ikasi dut; nibela eta belozidadea haundiak dira. Espoirs taldean, 23 urtez azpikoan, ibili nintzen, baina lehenengo taldearekin entrenatzeko aukera ere izaten nuen. Eta horiek, lesionatu ondoren, gurekin hasten ziren jokatzen. Oso jokalari onekin aritu naiz; Imanol Harinordoki, urte askotan Frantziako lehenengo kapitaina izandakoarekin, adibidez.
Eta gero, Gales. Nolatan?
Hiru urteko kontratua bukatu, eta ez nuen berritzeko aukerarik. Beraz, bila hasi nintzen. Taldean Cardiffeko jokalari bat zegoen, eta horrela egin genuen kontaktua. Proiekzio oneko kontratua egin genuen.
Baina aurkitutakoa...
Kontratuan jartzen zuena ez, beste guztia! Bigarren mailan jokatuko nuen, baina Scarlets-ekin jokatzeko aukerarekin. Eta lana, kasu puntualetan egin beharko genuen. Baina egunean 10 ordu obran pasatzen genituen, eta astean bitan bakarrik entrenatu. Oso ekipo amateurra aurkitu nuen; desengainua izan zen.
Eta 4 hilabeteren ondoren, Hernanira buelta.
Aurretik Polidorirekin hitz egin nuen, eta esan zidan pozik hartuko nindutela.
Nola aurkitu duzu Hernani?
Oso talde gaztea da. Joan nintzenean, denak beteranoak ziren, eta orain, 22 urterekin, ni naiz zaharrenetakoa! Kilometro asko falta zaizkion taldea da. Baina Polidorik esan zigun bere meta zela aurreneko 6 postuetan geratzea. Meta altua da, baina, zergatik ez?
«Hernanin edozer pasa daiteke!»
Zure esperientzia oinarri, ze maila aurkitu duzu hemen?
Jokalari onak daude, baina talde askok antolakuntza falta dute; jokalari punteroen esku uzten dute dena, taldea alde batera utzita.
Bihar zer izango da Landaren?
Talde gogorra da Santboiana, baina irabazi daiteke! Hernanin edozer pasa daiteke! Gu, beti bezala irabaztera aterako gara, eta gero, ikusiko da.