Santiomendin elkartu ziren atzo, Hernani, Astigarraga, Urnieta, Andoain, Lasarte-Oria eta Usurbilgo udal ordezkari eta teknikariak, Behemendi Turismoguneko arduradunekin batera, Donostialdea eskualdeko ibilbideen mapa aurkezteko.
Ainhoa Amundarain, Behemendi Donostialdea Turismoguneko arduradunak azaldutakoaren arabera, «Behemendik 2011n hasi zituen turismoaren garapenerako lanak, Basquetour hitzarmenaren baitan, eta helburua izan da, eskualde hau ere turismo helburu bihurtzea, inguruko eskualdeak bezala».
Natura turismoa bultzatzeko 18 ibilbide eta hainbat interes gune
Guztira, 18 ibilbide biltzen dituen eskualdeko mapa aurkeztu zuten atzokoan: Sagardoaren lurretik ibilbideak.
«Gehiago ere badaude», azaldu zuen Amundarainek, «baina lehentasuna eman diegu seinalizatuta eta homologatuta daudenei. Gero, Buruntzaldeko ibilbideei, lehendik ere beste kolore batzuetan seinalizatuta zeudenei. Bestalde, Done Jakue Bidea eta Plazaolako Bide Berdea ere beste kolore batekin bildu ditugu, eskualdetik haratago baitaude, eta bizikletaz ere egin baitaitezke».
Horrez gain, interes gune batzuk ere markatu dituztela azaldu zuen. «Ikonoen bidez monumentu megalitikoen markak jarri ditugu: trikuharriak, dolmenak... Erakargarri turistikoa ere badira, eta baita eskualde honetako bereizgarria ere».
Azkenik, bista panoramikoak eta atsedenlekuak ere jasotzen dira mapan, eta Oriako erribera eta Leitzarango biotopo babestua ere bai. «Gainera, Aiako Parke Naturala ere markatuta dago. Garrantzitsua iruditzen zaigu parke natural bat nabarmentzea, eta Hernaniko ibilbide asko gune horretan daude».
Ibilbideez gain, nabarmenduta ageri dira monumentu megalitikoak, Done Jakue Bidea eta Plazaolako Bide Berdea, Oriako erribera eta Leitzarango biotopo babestua, bista panoramikoak...
Turismo Berrikuntzarako Planaren barruan
Ibilbideen mapa orain aurkeztu badute ere, azken urteetan egindako lanaren emaitza izan dela adierazi zuen Amundarainek atzokoan.
«2012an turismo plana egitea erabaki genuen. Horretarako, turismo jardueren azterketa bat egin eta Donostialdeako Turismo Berrikuntzarako Plana 2012-2015 osatu genuen. Asmoa zen helburu turistikoak eta herrietan dauden ekimenak bateratzea, eta Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren proiektuekin bat egingo zuen estrategia bultzatzea».
Lau produktu turistikotan banatzen da estrategia hori: naturan, gastronomian, historian eta kulturan. «Hain zuzen, nortasuna, garrantzia, potentzia... duten produktu turistikoekin bat egin dugu».
Udal teknikariekin elkarlanean
Kasu honetan, natura turismoa bultzatzeko osatu dute ibilbide mapa, eta lan horretan, udal teknikarien lankidetza nabarmendu zuten atzo.
Orain urtebete, Lanbide bidez 8 pertsonako lantaldea kontratatu zen, baso lanak egin, mendi bideak garbitu eta zeuden gabeziak detektatzeko.
Horretan oinarrituta, eta teknikariek hala adostuta, osatu dute mapa.
Mapa hauek eskuratu ahal izango dira informazio puntuetan, hainbat ostatutan, eta udaletxeetan.
Informazio puntuetan, udaletxeetan eta azoketan
Turismoa erakartzea da, azken batean, mapa hau osatu izanaren asmoa. Hori horrela, edonoren eskura izango dira informazio puntuetan, ostatuetan, udaletxeetan...
Baina horrez gain, Foru Aldundiarekin egindako hitzarmenari esker, hainbat azoketan ere mapa zabaldu eta eskualdea ezagutarazteko aukera izango dela nabarmendu zuten. Esaterako, laster Valladolideko Intur azokan izango da, eta ondoren, abenduko zubian, Ficoban egiten den pinean.
Era berean, datorren urtera begira aukera berriak ere izango direla espero dute; Donostia 2016 Kultura Hiriburua, adibidez.