Hego haizetik, negu gorrira

Kronika - Erredakzioa 2015ko aza. 21a, 01:00

«Bazen garaia!», esango du batek baino gehiagok gaur. Izan ere, gaurtik aurrera atzean utziko ditugu eguzki, hego haize eta beroak. Kolpera, negu gorrian sartuko garela diote iragarpenek. Euskalmeten arabera, tenperatura bat-batean jaitsiko da eta euria erruz egingo du. Eguneko tenperatura altue­nak, goizaldean izango dira: 10-13 ºC artean. Egunez, jaisten joango da. Hori ho­rrela, mendietan elurra egingo du. Eguerdi partean 1000 m  inguruan izango da eta iluntzerako, 700-800 m-ra jaitsiko da. Eta antzeko giroarekin jarraituko dugu asteartera bitarte.

Azaro lehor eta beroa
Sekulako kontrastea izango da. Izan ere, azaro hau, erregistratutako azarorik lehorrena eta beroena izaten ari da. Añar­beko datuen arabera, hilabete erdia baino gehiago igaro denean, azaroan jaso ohi diren eurien %2,3 bakarrik jaso dira oraingoz (3,3 l/m2 142,2 l/m2-ren ordez). Gainera, azaroa izaten da euri gehien egiten duen hilabetea Añarben (251 l/m2).
Azarorik lehorrena, oraingoz (azaroaren 1etik 17ra), aurtengoa da (3,3 l/m2). Atzetik daude, 1988koa (28 l/m2) eta 2007koa (56 l/m2). Azarorik euritsuena berriz, 1975ekoa da (551 l/m2). Atzetik daude, 1974koa (550 l/m2) eta 2013koa (496 l/m2). Ikusi daitekeenez, alde haundia dago batzuen eta besteen artean.

Uztailetik aurrera, bataz beste bota ohi duenaren erdia bakarrik jaso da Añarben.

Uztailetik, euri gutxi
Azaroa bakarrik ez, azken hilabeteak izan direla lehorrak diote Añarbetik. Uztailetik aurrera, bataz beste botatzen duenaren erdia bakarrik jaso da Añarben (804 l/m2 beharrean, 402,3 l/m2).

Hornikuntza seguru, datozen  hilabeteetarako
Urtegia momentu honetan, %65,1ean dago (24.270.545 m3), azken bost urte hauetako bataz bestekoa baino 15 puntu bajuago (%80,6). Dena dela, hornikuntza bermatua dagoela azaldu dute, gutxienez datozen 7 hilabete eta 3 astetarako. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!