«Ereñotzuren zentroa da Txirrita, inguruan oso oso txertatuta dago»

Kronika - Erredakzioa 2015ko aza. 21a, 01:00

«Esango banizu anfibioen gaia­rekin landu genituela for­ma geometrikoak, azalerak eta perimetroak... Galdetuko zenuke, nola liteke? Ba bai, lortu genuen lotura hori egitea», dio Arantxa Rekondok, Ereñotzuko Txirrita eskolako zuzendariak. Guztiz desberdina baita lan egiteko modua bertan, eskola haundiagoekin alderatuta: «onura asko ditu ikasle gutxi izateak, eta talde batzuetan bi eta hiru adin desberdinetako haurrak elkarrekin egoteak».
Hori guztia mantentzen du Txirrita eskolak, nahiz eta asko haunditu den azken urteotan: «ni iritsi nintzenean, duela 7 urte, 33 ikasle zeuden, hiru taldetan banatuta. Orain, kopurua bikoiztu dugu ia, 62 ikaslerekin. Bost talde dauzkagu momentu honetan», gogoratzen du Rekondok.

«Azken 7 urteotan, ia bikoiztu egin da ikasle kopurua. 33 ikasle izatetik, 62 izatera pasa gara, bost gelatan».

«Ikaragarri gozatu nuen aurreneko urteetan»
Gogoratzen du, baita ere, «alda­keta haundia» izan zela bere­tzat, Langile ikastolan 30 urtez aritzetik baitzetorren: «Lehen Hez­kuntzako 3, 4 eta 5garren mai­letako ikasleei ematea egokitu zitzaidan, eta ikasketa buru izatea ere bai. Eta talde batean zentratuta egotetik, bat-batean dispertsioa etorri zitzaidan. Ez nekien banindoan edo banetorren. Hasieran kosta egiten da zentratzea, pixka bat gehiago. Baina aldi berean, oso erakargarria da lan egiteko modua, haurrekin daukazun harreman berezia, gurasoekin ere bai... Nik ikaragarri gozatu nuen aurreneko urte horietan! Orain zuzendaritzan gozatzen ez dudana, beste ardura batzuk dituelako karguak...».

«Adin desberdineko haurrak elkarrekin egotea aberasgarria da; elkarri azaltzen dizkiote gauzak, beraien hitzekin».

Gaur egun ere, adin desberdinetako ikasleak daude talde bakoitzean, eta hori oso aberasgarria da, Rekondoren ustez: «interakzioa dago beraien artean, txikiek zaharrenen eskutik ikasten dute, zalantzak beraien artean argitu... Elkarri laguntze hori bilatzen dugu, ikaskuntza kooperatiboa. Guk, gure heldu ikuspegitik, azalpen bat ematen dugu, baina batzuengana iristen garen bezala, beste ba­tzuengana ez. Eta horrelakoetan, beraien artean, beraien hitzekin azalduz, askoz errazago ulertzen dute elkar».

«Haurrak askoz ere gehiago motibatzen dira, proiektuka lan egiten denean»
Duela urte batzutatik hona, sistema berri batekin egiten dute lan, Txirrita eskolan. Zinema gai nagusi hartuta, proiektu horren bueltan antolatu zuten ikasturtea, eta azken helburua zen pelikula bat grabatzea, ikasgai guztiak horren barruan integratuz: «egin zituzten kastingak, gidoiak, zuzendariak aukeratu, kanpoan grabatu... Bai­na arazo teknikoak ere izan genituen. Eta pentsatu genuen, horrela egin zitekeela lan, ikasgai guztiak proiektu batekin lo­tuz, baina maila apalago batean, kontrolatzen ditugun gaietan, hainbeste buruhauste ekarriko ez diguten proiektuekin».
Ordutik, bide horri eutsi diote urtero: «haurrak askoz ere gehiago motibatzen dira horrela. Beraz, orain proiektu orokor bat daukagu trimestre bakoitzerako, eta saiatzen gara kurrikulumeko edukiak horrekin lotzen», dio zuzendariak.

«Eskolan antolatzen den edozer, auzo guztiarentzako da, eta denen arteko harreman hori oso garrantzitsua da».

Proiektu proposamenak, bide askotatik
Proiektuen gaiak erabakitzeko, bide askotatik jaso dituzte proposamenak: «Auzo Udaletik, esate baterako, Ziraba proiektu­a­ren proposamena etorri zitzaigun, anfibioei buruzkoa. Hau­rrek ere egiten dituzte beraien proposamenak. Orain, zehazki, soinua eta zarataren gaia ari gara lantzen, eta hori irakasleon kezka batetik etorri zen. Zarata haundia zegoen jangela garaian, eta udaran, neurketa batzuk egin eta insonorizatu zuten. Baina pentsatu genuen, aukera ona zela proiektuan lantzea, musikaren historiarekin lotuz, eta gazteek bolumena altu jartzeko daukaten ohiturarekin ere bai...».
Nola landu gai hori ikasgai desberdinetan? Hamaika modu aurkitu dituzte: «neurketak egin ditugu sonometroekin, emaitzekin grafikak, konparaketak... Entzumen aparatua ere ikusi dute, testu mota desberdinak, musikaren historia, horrekin lotuta zenbaki erromatarrak ikasi, galdeketak... Esne Beltzako kide bat gonbidatzeko gutuna idatzi, taldearen kontzertuen mapa bat osatu, eta horrela eskualdeak ikasi...», azaldu du.

«Eskolaren inguruan mugitzen dira gauza asko Ereñotzun»
Ikasgelan bezala, kanpoan ere hamaika ekintza egiten dituzte Txirrita eskolako ikasleek. Baina ekintza horiek, haurrentzat ez ezik, auzotar guztientzat izaten dira: «inguruan oso oso txertatuta dagoen eskola da Txirrita, Ereñotzuren zentroa da. Eskola­ren inguruan mugitzen dira he­men gauza asko. Eskolan antolatzen den edozer, auzo guztiarentzako da; auzotarren bilgune bat da. Eta harreman hori oso garrantzitsua da».
Besteak beste, leku berezia dauka Txirritak, San Antonio ja­ie­tako egitarauan; Santo To­mas egunean, eskolan egiten dute jaia; baserriz baserri joaten dira Santa Agedan, eta zain izaten dituzte auzotarrak...

Eskola txikiak, euskal giroan eta kulturan oso errotuta
Izan ere, euskal giroan eta kulturan oso errotuta dagoen eskola da Txirrita, «eskola txiki guztiak bezala», Rekondok dioenez. Es­ko­la txikien sarean dago sartuta Ere­ñotzukoa ere, antzeko ezaugarriak dituzten eskolekin batera: «eskola haundien aldean, oso antolaketa desberdina; landa ere­muetan daude kokatuta; gehie­nek proiektuetan egiten dute lan; ikasle gutxiko taldeak...».
Ezaugarri horiek, bere trabak ere badauzkate ikasketa prozesuan: «hemen zerbitzu gutxi daude, eta Hernanitik hain urruti eta garraiorik gabe... Gure helburua da haurrak zerbitzuetan eta kalean mugitzen ikastea: anbulategian, azokan, dendan... Baina beste eskolek ordubetean egiten duten bitartean, guk goiz osoa galtzen dugu azokara joateko, adibidez. Lanean ari dira ho­rre­tan, Auzo Udala eta Herna­niko Udala, eta eskatu duguna kubritu digute. Baina zerbitzu gehiago izanez gero, gehiago landuko genituzke gauzak». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!