Bizilagunak egitasmoa antolatu dute bihar, beste urtebetez, eta errekor borobila egingo dute aurten Hernanin: 50 bazkari izango dira. Iazko zifra bikoiztu dute ia, 27 egin baitzituzten, orain urtebete.
Eta bazkarien gorakada bezala, nabarmentzekoa izan da gazteen parte hartze zabalagoa ere. Sutu Hernaniren eskutik, 11 bazkari egingo dituzte, eta baita festa ere gero, hasitako harreman horri etorkizunean ere eusteko asmoz.
Bazkari guztiak 14:00etan hastea da asmoa; eta ez Hernanin bakarrik, Europa osoan baizik. Herrialde askotan dago martxan egitasmoa, eta bat egin nahi dute ordutegiari dagokionean ere.
Elkar ezagutu, prejuizioak hautsi
Bazkari horiekin lortu nahi dute, bertakoek eta kanpokoek harreman hori hastea, elkar ezagutu eta prejuizioak hausteko. Eta hortik zer etorriko den gero? Batek daki! Oso harreman sendoak egin dituzte batzuek, eta antolatzaileek azaldu duten bezala, «edozer gerta liteke, ez dakizu nora iritsiko den harreman hori».
Hurrengo zita ere jarrita daukate, dagoeneko. Etxeetan bina familia elkartu ondoren, Gipuzkoan parte hartu duten familia guztiak elkartuko dira Donostian, Victoria Eugenia antzokian, festa bat egiteko. Bi aste barrurako, beraz, egina daukate plana elkarrekin!
Izaro Antolatzailea:
«Jendea emozionatu egiten da, txipa aldatzen dizu honetan parte hartzeak»
Amherreko boluntario gisa, Bizilagunak egitasmoaren antolaketan ari da Izaro hernaniarra, eta gazteen arteko bazkarietan aritu da lanean bereziki: «Sutu Hernanitik bideratu dugu, gazteen artean talde gehiago elkartzeko bazkaltzen. Gainera, bazkariaren ondorenerako ere prestatu ditugu gauzak. Tea hartuko dugu, eta dinamika txiki bat egingo dugu, bakoitzaren interesak ezagutzeko; eta kontaktuak ere eskatuko dizkiogu elkarri, harremanetan jarraitzeko. Eta ondoren, festa bat antolatuko dugu: musika, dantza... Nahi dugu, Hernanin gazteentzako dauden espazioak ezagutzea, Kontrakantxa gaztetxea bezala».
Kontaktua mantentzeko nahi horretan, gainera, epe luzera begira ere badauzkate planak: «asmoa da, etorkinek ere parte hartzea Hernaniko Olinpiadetan».
Inoiz baino bazkari gehiago izango dira, bai orokorrean eta bai gazteen artean, eta Izarok uste du, «ahoz ahokoak» ekarri duela gorakada: «batek besteari esperientzia kontatu, eta denak animatzen dira. Jendea emozionatu egiten da Bizilagunak egitasmoan parte hartuta. Ez duzu horrelako beste aukera bat izango, eta txipa aldatzen dizu. Mundu ideal hori sortzen da».
Beni eta Juan Manuel Anfitrioiak:
«Norbaitekin sustatu behar bada elkarbizitza, etorkinekin da»
Aurreneko aldiz hartuko dute parte Benik eta Juan Manuelek, alabak izandako esperientzia ona ezagututa: «bi aldiz hartu du parte berak, eta aurten, esan genion guk ere nahiko genukeela probatu, ea zer moduz ateratzen zen. Etorkinak topatzen dituzu kalean, eta haiek ez ezagutzea... Burutik pasatzen zaizu, zerbait egin dezakezula», azaldu du Benik.
Hain zuzen ere, beraiekin elkarbizitza sustatzea ikusten du garrantzitsua Juan Manuelek: «norbaitekin behar bada konbibentzia, haiekin da. Eta Bizilagunak modu bat da, haiek ez sentitzeko apartatuta».
Probatzeko asmoz animatu dira, anfitrioi bezala parte hartzera: «bakarrik ikusita zeinen ondo pasatzen duzun zuk eta beraiek, merezi du parte hartzeak. Hortik aurrera, datorren guztia ongietorria izango da».
Edozein kasutan, Juan Manuelek uste du ospakizunak ez duela errealitatea ezkutatu behar: «badirudi ez dagoela arazorik, baina eguneroko bizitzan zailtasun eta oztopo haundiak dauzkate».
Catherine Gonbidatua
«Esperientzia polita da batak besteaz ikasteko»
Gonbidatu bezala hartuko du parte Catherinek, Bizilagunak egitasmoan: «oso aukera ona da elkar ezagutzeko, eta zabalduta dauden uste batzuk ezabatzeko, erakusteko denak ez garela berdinak, eta gu ere onak garela».
Horretarako, haurrak hartzen ditu erreferentzia egokia bezala: «haiek ez dute bereizten, bertako edo kanpoko, eta hori oso polita da, konturatzeko kultura berdinak dauzkagula, baina oinarri desberdinekin. Eta Bizilagunak esperientzia polita da horretarako: guk beraietaz ikasteko, eta beraiek gutaz. Azken batean, denoi gustatzen zaigu bazkaltzea, dantza egitea...». Hondurasetik etorri, eta euskera ikastea izan zen, Catherinek egin zuen aurreneko gauza.
Aminata Dinamizatzaile eta gonbidatua:
«Seme-alaben espazioetan hasten dira harreman asko»
Orain hiru urte etorri zen Hernanira Aminata senegaldarra, eta garbi zeukan, kanpotik etorrita, berak eman behar zuela «aurreneko pausoa», bertakoekin harremanetan jartzeko: «zentzu horretan, seme-alabak izateak ate asko irekitzen dizkizu; beraien espazioetan ezagutzen ditugu beste gurasoak, eta horrela hasten dira harreman asko. Gainera, haurrak haur dira, ez dute bereizketarik egiten, eta hori kontajiatzen dute».
Amherreko kide gisa, antolatzen aritu da, eta gonbidatua izango da bihar: «prejuizioak hausteko modu bat da, elkartuz gero, gure gauzetaz hitz egingo baitugu».
Aziz Antolatzailea:
«Elkartzean, ez dakizu nora iritsiko den harreman hori, edozer gerta liteke»
Gazteen bazkariak antolatzeko lanetan aritu da Aziz, Amherreko boluntario marokoarra, eta egitasmoaren magia nabarmendu nahi du: «elkartzean, ez dakizu zer pasa daitekeen, nora iritsiko den harreman hori. Sorpresa bat da, edozer gerta liteke».
Hainbat arlo aipatzen ditu Azizek, harreman hori ezartzeko klabe gisa: «gazteen kasuan, kirola izan daiteke lotura bat. Bertako kirolak ez ditugu ezagutzen, eta agian gustatuko zaizkigu. Euskerari ere, bidea egin behar zaio; bertakoek gazteleraz egiten digute, baina atea irekita utzi behar da, elkarrekin euskeraz egiteko».
Uste du, oro har, etorkinek «harrera ona» izaten dutela Euskal Herrian: «baina horrelako egitasmoek, laguntzen dute ideiak gerturatzen eta konpartitzen. Eta behin ezagututa, ikusiko dugu harremana mantendu nahi dugun edo ez».
Gina Gonbidatua:
«Prejuizio guztiak atzean uzteaz doa bazkaria»
Eibarren hartu zuen parte Ginak aurrenekoz, orain urte batzuk, Bizilagunak egitasmoan: «iritsi berria nintzen, eta beldur pixka batekin nijoan. Baina asko lagundu zidan bazkariak, lasaitzen. Familia hura eta herria ezagutzeko aukera izan nuen horrela».
Eta asmo berarekin hartuko du parte ekuatoriarrak, aurten ere: «kanpotik datorrenak, ikusi behar du onartua izan daitekeela. Eta horretaz doa bazkaria, prejuizio guztiak atzean uzteaz; sufritu dugun guztiari pixka bat kentzen saiatzea da, oraindik haundiago ez izateko».
Ixiar Anfitrioia:
«Ezagutzeko, gertu egon behar da; keinu bat da hau»
Aukera polita da Bizilagunak egitasmoa, Ixiarren ustez, bertakoen eta etorkinen arteko harremanak sustatzeko: «familia bat etxean sartzen duzunean, badakizu zerbait atera daitekeela hortik. Iazko bazkari baten ondorioz, Marokon izan da bertako familia bat, beste familiaren senide baten ezkontzan». Besteak ezagutzeko, gertu egon behar dela uste du, «eta horretarako keinu bat da Bizilagunak. Elkartuko bagina, sorpresa haundiak hartuko genituzke. Ez gara hain desberdinak».
Minetu Laguntzailea:
«Familia giroak laguntzen du barrerak kentzen»
«Behar den guztian laguntzeko prest» azaldu da Minetu sahararra, uste baitu oso lagungarria izan daitekeela Bizilagunak egitasmoa, eguneroko bizitzan: «familia giro horretan elkartzeak asko laguntzen du barrerak kentzen. Norberaren pentsaerak eta izaerak ezagutzeko bideak zabaltzen ditu. Eta horrek guztiak, eguneroko bizitzan lagunduko digu gero».
Fatima Dinamizatzailea:
«Ezagututa soilik baloratu dezakezu, gertu egonda»
Boluntarioa da Fatima Amherren, eta antolaketan parte hartzeaz gain, dinamizatzaile lanetan ariko da bihar, bazkarietako batean: «beharrezkoa da erreferentziazko norbait edukitzea, bi familia ezezagun elkartzen direlako. Harremanetan jartzeko lana dugu, eta behin hori lortuta, familiek daramakite bazkariaren haria. Ikastaro bat ere egin dugu, dinamizatzaile bezala nola aritu jakiteko».
Bi familia ezagutzeko aukera ematen diola ere nabarmentzen du urnietarrak: «beti sortu didate kuriositatea etorkinek, eta ezagutzeko gogoa neukan. Ezagututa soilik baloratu dezakezu jendea, gertu egonda. Bazkaltzea eta jendea ezagutzea, plan hoberik eskatu al liteke?».
Pili Gonbidatua / Mari Carmen Dinamizatzailea:
«Konturatzen zara, zure sentimendu eta kezka berberak dauzkatela haiek ere»
Ez dute aurreneko aldia Bizilagunak egitasmoan, Pilik eta Mari Carmenek. Eta oso esperientzia ona izan dute orain arte biek: «oso oso gustora egon gara beti, eta denak animatu nahi ditugu egitasmoan parte hartzera, etxeko ateak ireki eta, behintzat, ezagutzera».
Eta prejuizioak puskatzeko deia egiten dute: «batzuek fama txarra daukatela? Ezin da horrela pentsatu, ezagutu gabe. Konturatzen zara, zure sentimendu eta kezka berberak dauzkatela haiek ere».