Atletismoak beti izan du tiradizo haundia Hernanin, eta urteetan egindako bide eta lan horri segida eman dio CD Hernanik. Ume eta gazteak dira atletismoaren etorkizuna, eta hori bultzatu nahian, Adarraga Memoriala antolatzen dute urtero. Edizio hau 52garrena izango da, eta ohi bezala, Pepe Adarraga zenaren omenez antolatu dute; CD Hernaniko sortzaileetako bat zen. Era berean, egia da, memorialak, adarragatar guztiak izan ohi dituela gogoan, gutxi baitira herri honetan, kirolari hain lotuta bizi izan diren familiak.
Bost lasterketa, igandean
Aurtengo edizioari helduta, bost lasterketa jokatuko dira igandean; eta guztiak daude, kros denboraldiaren barruan. Lasterketak atletismo pistan izango dira, eta aurrenekoa, infantil mutilena, 10:30etan hasiko da; 2.122 metroko proba izango dute aurretik. Atzetik, 10:55etan, infantil neskak aterako dira; hauek 1.508 metroko distantzia egin beharko dute. Hirugarren txanda, 11:15etakoa, alebin mutilena izango da; 1.508 metroko proba izango dute. Alebin neskak berriz, 11:35etan aterako dira 894 metro ahalik eta azkarren egiteko asmoz. Azkenak benjaminak izango dira; 12:00etan aterako dira, 670 metroko proba egiteko gogoz.