Mundu mailan izan diren azken erasoen harira, kontzentrazioa deitu du Hernaniko Arrisala elkarteak bihar. Frantziako, Palestinako, Libanako... eta erasoak izan diren gainerako herritarren alde izango da kontzentrazioa. Arratsaldeko 17:00etan egin dute hitzordua Plazan eta herritarrei dei egin diete gerturatu eta parte hartzera.
Urtebete baino gehiago, martxan
Arrisala, elkarte gisa, 2014 hasieran sortu zuten. Mohammed Debbahk, Arrisala elkarteko presidenteak sorreran Kronikak egindako elkarrizketan azaldu zuen, elkartearen helburu nagusia bat dela: integrazioa. Bide horretan, herritar guztiek ateak zabalik dituztela gogoratu zuen: «Ateak denontzat dauzka zabalik, Arrisala elkarteak. Eta nahi dugu bertako jendea ere joatea, ikusteko denak ez garela berdinak, gaizkileak. Gure artean ere, gehien-gehientsuenak pertsona onak gara».