Hiru saio eskainiko dizkiote musikari eta kantari astigartarrek, Santa Zeziliari. Datorren igandea da Santa Zezilia eguna, eta horren bueltan, musika kalejira, zarzuela eta txistu kontzertua egingo dituzte, astean zehar.
Norberto Almandoz musika eskolako ikasleak dira, kalez kale ibiliko direnak. Asteartean aterako dira, eskolatik bertatik, 18:30ak eta 19:00ak bitartean, eta kaleak musikaz bete ondoren, Foru plazan bukatuko dute saioa, emanaldi berezia eskainiz bertan.
Zarzuela larunbatean, Andre Mari elizan
Larunbatean ere ospatuko dute Santa Zezilia eguna, kasu honetan Andre Mari elizan. Zarzuela emanaldi berezia eskainiko du Astigarragako Aiztondo abesbatzak, Ruben Ramada baritonoa, Haizea Muñoz sopranoa, Lucia Gomez mezosopranoa eta Xabier Lizaso pianojolearekin batera; guztiak ere, Igor Arroyoren zuzendaritzapean. Iluntzeko 19:30etan izango da saioa.
Herriko txistularien kontzertua, igandean
Igandean bertan, Santa Zezilia egunean, izango da hirugarren emanaldia. Txistu kontzertua eskainiko dute herriko txistulariek: Txirrixkla taldekoek, ikastolakoek eta musika eskolakoek, bat eginda. Joseba Barandiaran plazan izango da, eguerdiko 13:00etan.