Edozein estilo, erritmo, herri edota kulturatako doinuak entzungai izango dira aste honetan munduko hainbat txokotan; Santa Zezilia, musikarien patroiaren eguna ospatzea tokatzen baita. Igandea da Santa Zezilia eguna, baina Astigarragan aste osoan izango da musika.
Atzo bertan, Norberto Almandoz musika eskolako ikasleek bat egin zuten Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteak antolatutako Musikalean ekitaldiarekin; AHIT taldea eta trikitixa eta pandero ikasleak kalejiran ibili ziren, eta ondoren, kontzertua eman zuten AHIT, Gabiltzanian eta B&W taldeek.
Aiztondok Zarzuela, larunbatean
Herriko talde gehiagok ere hartuko dute parte Santa Zeziliaren omenezko astean.
Larunbatean, Zarzuela antologia izango da, 19:30etan, Andre Maria elizan. Aiztondo abesbatzak prestatu du, Igor Arroyo zuzendariarekin batean, eta beraiekin izango dira Ruben Ramada baritonoa, Haizea Muñoz sopranoa, Lucia Gomez mezzosopranoa, Igor Garmendia txistularia eta Xabier Lizaso pianojolea.
Igandean, herriko txistulariak elkartuta
Santa Zezilia egunean bertan kontzertua emango duen taldea, berriz, txistulariena izango da. Igandean, eguerdiko 13:00ean Joseba Barandiaran plazan joko dute elkarrekin Txirriskla, ikastolako eta musika eskolako txistulariek.