Ostiraleko Partehartze Mahaian erabaki zen bi sistemen artean (Atez Atekoa edo 5garren edukiontzi itxia) aukeratzeko galdera bakar bat egitea zabor bilketaren inguruko kontsultan.
Nerea Zusberro Udal Gobernu Taldeko bozeramaileak azaldu zuen azken hori lehenetsi duela Gobernu Taldeak. «Helburua da gaika biltzen jarraitzea, eta ahal den emaitza onenak lortzea, baina herritarrei erraztasunak emanez».
Txostenak, webgunean
Aurreko bileran erabaki bezala, zabor bilketen inguruko datuak biltzen dituzten hainbat txosten ere aurkeztu zituzten; www.astigarraga.eus webgunean ikusi daitezke.
Izaskun Txintxurreta Ingurugiro Teknikariak azaldu zuen berak egindako txostenean herritarren galderari erantzun ziola: «Edukiontzi sistemek arautegiek eskatzen dutena betetzen dute?».
Era berean, San Markok egindako txostena ere kontsultatu daiteke, baina osatzeko eskatuko da. Horrez gain, Garbitaniaren txostena «berriro» eskatuko zela argitu zuen Zusberrok.
Herritarren zalantzak
Kontsultan galdera bakar bat egitea adostu zen ostiralean, bi sistemen artean aukeratzeko: Atez Atekoa edo 5garren edukiontzi itxiaren sistema. Honekin ere derrigorrezkoa izango da gaikako bilketa egitea: organikoa botatzeko ontzia itxita egongo da, giltza edo txip batekin ireki ahal izango da; eta errefusa astean behin bakarrik irekiko da.
Herritar batek proposatu zuen bide batez errauskailuaren alde ala kontra dauden ere galdetu zitekeela. Andoni Gartzia EH Bilduko bozeramaileak, berriz, proposatu zuen protokolo bat idaztea, «sistema aldatzea erabaki eta funtzionatuko ez balu, zer egin daitekeen aurreikusiko duena». Zusberrok proposamena jaso zuen.
Hurrengo pausuak
Hau guztia larunbateko Plenoan onartzea espero da. Ondoren, kontsulta egiteko baimena eskatu beharko da gobernu zentralean; hauteskundeak medio, otsaila inguruan egitea aurreikusten da. Bitarte horretan alderdi bakoitzak informazio eta kontzientziazio kanpainak egingo dituela argitu zuten.