Jakinminez gerturatu zen jendea estreinaldira

Kronika - Erredakzioa 2015ko aza. 16a, 01:00

Gogotsu zegoen jendea proiek­tuaren emaitza ezagutzeko eta jende ugari gerturatu zen Ere­ñotzuko San Antonio elizara larunbat iluntzean. Burbunak eta etsa­yak dokumentala estrei­natu zuten, hau da, Dobera Eus­kara Elkarteak eta Aranzadi Zien­tzia Elkarteak egindako do­ku­mentala, Herna­ni­ko natu­ra­ri buruzko ahozko ondarea biltzen duena. Bertan izan ziren  Ima­nol Lizeaga auzo alkatea eta Aritz Zerain Ereño­tzuko Auzo Uda­laren izenean, eta Iñaki Sanz-Azkue eta Eñaut Agirre do­kumen­talaren egileen izene­an. Aurkezpen txiki bat egin ostean, dokumentala ikus­teko aukera izan zuten bertara­tuta­koek, eta ondoren, luntxa egin zuten.

Erantzunarekin pozik
Estreinaldira gerturatu zen jende pila ikusita, oso pozik geratu ziren egileak. Halaxe azaldu dio Agirrek Kronikari: «Denbora asko pasa dugu lan hau egiten, jendeak bazekien formatua, bazekien DVD bat aterako zela, dokumental bat egingo zela, baina jakinmin haundia zegoen emaitza ezagu-tzeko. Eta elkarrizketatu eta be­raien familiakoez gain, Ereño­tzuko auzotarrak eta Her­na­nikoak ere gerturatu dira. Baita kanpoko batzuk ere. Denon arte­an egindako proiektu bat da eta inplikazio hori nabaritu egi­ten da. Kasu honetan, Auzo Uda­lak jarritako ilusio hori konta­jiatu egin da herrita­rrengan ere». 
Dokumentala Doberak eta Aranzadik egina da, baina Ereño­tzuko Auzo Udalaren eta Hernaniko Udalaren laguntza izan du.

Abenduaren 4an Hernanin
Hernanin, abenduaren 4an izango da aurkezpena eta Agi­rrek espero du Hernanin ere, tankerako erantzuna izatea: «Hernaniar guztiontza­ko da interesgarria. Natura edo eus­ke­raren aldetik interesa daukaten guztientzako», dio. Hernaniko Udalak hartuko du parte eta Euskararen Eguneko ekintzetako bat izango da.
Horrez gain, DVDa laster jarriko dute eskuragarri. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!