Ainhoa Intxaurrandietak hitzaldia emango du gaur Biterin, (areto nagusia, iluntzeko 19:00etan) Hernanin Zero Zabor elkarteak gonbidatuta. Aurreratu dutenez, herritar askok galdetzen duten honi erantzuten saiatuko da: Errauskailua Gipuzkoan. Ez al genuen, ba, gelditu?.
Ainhoa Intxaurrandieta zinegotzia da (EH Bildu) Lezon eta aurreko legealdian Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren lehendakari izan zen. HZZ taldeko kideek azaldu dutenez, «Intxaurrandietaren agintealdian Zubietako errauskailua bukatutzat utzi zen eta aldi berean bultzada haundia hartu zuen Zero Zabor ereduak Gipuzkoan: %70 edo gehiago birziklatzen duten udaletako herritarrak gipuzkoarren %31 izatera iritsi ziren. Orain, ordea, hauteskundeen ondoren EAJk eta PSEk agintea harturik berriro jarri dute mahai gainean errauste planta. Hori gutxi balitz, azken asteotan informazio kezkagarriak zabaldu dira GHKren egoera ekonomikoaz».
Horretaz guztiaz, Intxaurrandietak informazio asko daukala gaineratu dute eta seguru herritar askori beren jakinmina asetzeko aukera emango diela.
Hitzaldia euskeraz izango da eta behar izanez gero, gaztelaniazko itzulpen zerbitzua ere egongo da.