Hamarkada bat pasa da, Kalez Kale Kantariko kideek aurreneko kale buelta egin zutenetik, eta hori ospatzeko egun berezia antolatu zuten atzo.
Oraingo honetan, Plaza Berrin beharrean, Gudarien plazan jarri zuten hitzordua eta Hernaniko kantu zaleez gain, Euskal Herri guztikoak ere elkartu ziren. Kale bueltari ekin aurretik, egun seinalaturako bereziki prestatutako abestia kantatu zuten, Hernaniko koruak lagunduta.
Kaxkoko kaleak girotzen ibili ziren pare bat orduz eta ondoren, indarrak hartzeko bazkari ederra egin zuten Atsegindegin. Ia 200 lagun elkartu ziren. Eta noski, kantuan jarraitu zuten eztarriak urratu arte.
Ospakizuna borobiltzeko, dantzarako aukera ere izan zen, erromeriarekin.