Udalak diru laguntza emango die lehorte eta uholdeei aurre egiteko, Wukrori eta Sahara mendebaldeko errefuxiatu kanpamentuei.
Udalak adierazi du, Hernaniko Udal aurrekontuaren %0,7a baino gehiago garapenerako lankidetzara bideratzen dela urtez urte. 2015 urtean, 190.000 euro baino gehiago izan dira banatu direnak Euskal Fondoa eta Kooperazio Taldeak adostutako hainbat gobernuz kanpoko erakunderen artean, dagozkien herrialdeetan euren proiektuak garatzeko.
Orain, laguntza gehiago behar dela gaineratu du: «Azken hilabetean, hala ere, muturreko fenomeno meteorologikoek kalte larriak eragin dituzte Hernanirekin harreman iraunkorra duen bi herrialdeetan, Wukron eta Sahara Mendebaldean. Wukroko lehortea dela eta, laguntza berezia eskatu dute bertan bizi diren hernaniarrek ur tankeak erosteko. Saharako errefuxiatu kanpamentuetan izandako uholdeek, berriz, lehendik larria zen egoera larriagotu dute, etxe asko suntsitu baitituzte, ospitale eta eskolak barne».
2.000 euroko diru laguntza bana
Bi herri hauekiko elkartasuna adierazteaz gain Udal Gobernuak 2.000 euroko diru laguntza bana ematea erabaki du, kalteei aurre egiten laguntzeko.