Zerrategiari irekiera baimena eman dio Udalak

Kronika - Erredakzioa 2015ko aza. 7a, 01:00

Ainhoa Ansa alkateak Kroni­kari azaldu dionez, Retroinge­nieria del Plástico S.L. enpresak aktibitate eta obra baimena 2012an lortu zituen, baina irekiera baimenik ez zuen oraindik. Hainbat urtetan irekiera baimenik gabe aritu dira lanean eta Udalak behin baino gehiagotan emana zien agindua geldiarazteko. Azkenean, jarduerarekin jarraitzen zutela ikusita, Udalak ixteko ebazpena eman zuen. Foruzaingoa izan zen urriaren 20an ebazpen hau betearazi zuena. Azken asteetan, enpresak aurkeztu ditu falta zitzaizkion errekerimendu guztiak (lehendik aurkeztua zeukan obra bukaera ziurtagiria, baina eskakizun batzuk osatzea falta zitzaien) eta Udalak aste honetan bertan eman dio irekiera baimena, Nafarroako Gobernuaren oniri­tziarekin batera. Retroingenieria del Plás­tico S.L. enpresa Irakurri poligonoan dago, zerbezeria izan zen lekuan. Zerrategi bat da.

Gizarte Segurantzari egindako iruzurra, aparte
Alkateak argi utzi nahi izan du, Plastic Operazioa deiturikoak ez duela zerikusirik Udalak eman duen baimen honekin eta operazio horretan Udalak ez duela eskumenik. «Udalak enpresa hori legeztatzeko egindako eskaera guztiak aurkeztu dituzte eta baldintza tekniko guztiak betetzen dituzte. Gure begietara, zerrategi bezala funtzionatzen aritu dira eta horrexekin genuen buruhaustea. Ezin zutela lanik egin irekiera baimenik ez zutelako, eta horren gainetik lanean jarraitzen zutela. Hori erregula­tzea lortu dugu azkenean. Gizarte segurantzari egin dioten ustezko iruzurraren inguruan guk ez dakigu ezer, prentsan ateratakoa besterik ez, eta gainera, Udalak ezin du horretan esku hartu. Ez dugu konpetentziarik».
Bi gauzak bereizi behar direla gaineratu du: «Udalarekin zuten irregulartasuna konpondu dute. Hemendik aurrera, beren jardueratik sortutako bestelako irregulartasunak behar diren tokian argitu beharko dituzte».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!