Bbizilagunak ekimenaren bueltan, 100 familia edo taldek bazkalduko dute elkarrekin, datorren igandean, azaroaren 22an. SOS Arrazakeriak antolatzen du ekimena, eta Hernanira AMHERek ekarri du. Aurten gainera, Sutu Hernaniren babesa ere izan dute.
Elkar ezagutu eta harremana izatea, helburu
Herri berean bizi diren arren, bertakoek eta etorritakoek ez dute nahi bezain besteko harremanik. Horrekin hautsi nahian antolatu dute beste urtebetez, Bizilagunak ekimena. Helburu nagusia da, bertako familia eta kanpotik etorritako bat juntatu eta elkarrekin bazkaltzea. Bazkari hori izango baita, elkar ezagutu, aurreiritziak hautsi eta harremanak sendotzeko abiapuntua. Behin eta berriz familiez hitz egiten bada ere, Bizilagunak ekimenean parte hartzen dute, baita ere, pisukideek, lagun taldeek...
Inoiz baino herritar gehiago
Antolatzaileak pozik dira urtetik urtera ekimena hartzen ari den indarrarekin. Izan ere, aurten errekor guztiak hautsi, eta inoiz baino familia gehiago elkartuko dira: 100 familia edo talde, 50 bazkaritan. Joan den urtean 66 familia elkartu ziren 27 bazkaritan; eta 2013an, 15 familia animatu ziren. Aipatzekoa da, baita ere, aurten bertako familia gehiago animatu direla, kanpotik etorritakoak baino.
Familiek izena eman eta gero, nork norekin eta zeinen etxean bazkalduko duen erabakitzea izaten da hurrengo pausua. Aurten nabarmentzekoa da, bai batzuk eta bai besteek, beraien etxeetan egin nahi zutela bazkaria...
Dinamizatzaile beharra
Dinamizatzailearen figurak ere, badu garrantzia bazkarietan. Bi familia edo taldeen arteko aurkezpena egiten du eta hasierako momentu horiekin hausten laguntzen du. Antolatzaileek diotenez, aurten ez da askorik animatu, eta herritarrei gonbitea luzatu diete.
Brindisa, bazkaldu aurretik
Lehen aipatu bezala, aurtengo edizioak Sutu Hernaniren babesa ere badu. Hori horrela, ekimenean parte hartuko duten familia guztiei egin diete deia, eguerdiko 12:00etan Plaza Berrin elkartu, eta bazkaltzera joan aurretik elkarrekin topa egiteko.
Gazteek azaldu duten konpromisoa aipatzekoa da edizio honetan. Izan ere, inoiz baino gehiago animatu dira parte hartzera: hamaika izango dira, gazteen arteko bazkariak. Eta bazkal ondoren, festa ere antolatu dute Gaztetxean; 16:00etatik aurrera, elkar ezagutu, tea hartu, kontaktuak eman eta harremanak sendotzen hasteko tartea izango dute.