Pelikula berezi bat jarriko dute gaur, Astigarragako Kultur Etxean; ipuin klasiko baten bertsio modernoa, hain justu: Ahatetxo itsusia eta ni. Arratsaldeko 17:00etan hasiko da, eta ordu eta erdiko iraupena izango du. Pelikula ikusteko gelditzen diren sarrerak, ordubete lehenago jarriko dituzte salgai, 16:00etan Kultur Etxeko lehiatilan, 2 euroan.
Ratso Arratoia, ahatetxoaren zaindari
Marrazki bizidunetako komedia da Ahatetxo itsusia eta ni, Michael Hegner eta Karsten Kiilerich danimarkarrek zuzendua. Aurreratu dutenez, «ahatetxo itsusiaren ipuina baino zerbait gehiago da», eta bertan, Ratso arratoiak bere zaintzapean hartuko du ahatetxoa, filmaren hasieran; arratoia bera baita, jaiotzean ahatetxoak ikusiko duen aurrenekoa.
Hortik aurrera, elkarrekin biziko dituzten abenturak kontatzen ditu filmak, eta beste ahatetxo bat ere ezagutuko dute bidean: Lucy.