Ikasteko gogoa daukanak, ez dauka aukera faltarik, eta ikasteko gogorik ez daukanak, berriz, ez dauka aitzakiarik. Izan ere, mota guztietako akademiak daude, bai Hernanin, eta baita Astigarragan ere.
Batzuk, zailak egiten zaizkien ikasgaietan laguntza jasotzeko ematen dute izena akademietan; beste batzuk, notak hobetu nahi dituztelako; beste hainbatek, hizkuntza bat menderatzeko edo tituluren bat lortzeko. Guztiek dute aukera.
Atzerriko hizkuntzak ikasteko, London Akademia da aukeretako bat; Astigarragan, Urnietan, Donostian eta Oiartzunen dauzka bulegoak, eta ingelesa, frantsesa eta italiera irakasten dira bertan. Hernani Hizkuntzak akademian, berriz, ingelesa ikasteko aukera izaten da, Hernanin.
Atzerriko hizkuntzak ez, baina bertakoa, euskara ikasi nahi duenak ere badauka makina bat aukera: Hernanin, Udal Euskaltegian ematen dira klaseak, eta baita AEKn ere. Azken honek Astigarragan ere ematen ditu klaseak.
Azkenik, eskola, unibertsitate edo helduen ikasketetarako sarbide probetarako laguntza nahi dutenek, hainbat akademia mota dituzte eskura: Akademia, Ekide akademia eta Urolalde Enplegurako Lanbide-Heziketa zentroa. Hauetan, edonork ikasi dezake; izan ikasle, langile edo langabe.
Irakasleentzako CELTA titulua lortzeko aukera ere bai
Astigarragako London Akademian hiru hizkuntza ikasteko aukera dago, eta baita Urnietan, Oiartzunen eta Donostian dituzten bulegoetan ere. «Ingelesa ikastera etortzen dira gehienak, baina baita frantsesa eta italiera ere».
Lau urteko ikasleekin hasi, eta helduentzako klaseak ere ematen dituzte. Eta ez akademian bakarrik. «Enpresa eta eskoletara ere joaten gara, klaseak ematera. Bereziki, eskolaz kanpoko ikasgai bezala ematen dugu». Horrez gain, uztailean atzerrian ikastaroak egiteko aukera ere ematen dute.
Bestalde, London Akademiaren bereizgarrietako bat da CELTA titulua ateratzeko prestakuntza eskaintzen duen akademia bakarra dela, Euskadin. Irakaskuntzan aritu nahi dutenentzako titulua da, «mundu guztian balio duena».
Irakasle natiboak
Hernani Hizkuntzak akademian ere, ingelesa ikasteko aukera ematen da, duela 25 urtetatik. Lau irakasle aritzen dira bertan, eta guztiak dira ingelesa hitz egiten den herrialdeetakoak: bi irlandarrak dira; beste bat ingelesa; eta laugarren bat, estatu batuarra. Azken ‘fitxajea’, Tony Jones, Hernaniko errugbi jokalaria izan da.
Haur eta helduentzako klaseak ematen dira bertan, maila guztietan, lau urteko ikasleekin hasita.
Ingeles maila edozein dela ere, denentzako lekua dago bertan, eta matrikula zabalik dago. Izan ere, hasiberrientzako klaseak edota mailarik altuena, lortu nahi dutenentzako klaseak ematen dira. Azterketa publikoak ere prestatzen laguntzen dute: PET/A2, FIRST/B2, ADVANCED/C1 eta PROFICIENCY/C2.
Askok aurreneko ebaluazioko nota txarrak jaso ondoren jotzen dute akademietara, baina gehienek gomendatzen dute aurretik emateko izena, ikasteko ohitura hartzeko eta oinarri bat lortzeko.
Euskera ikasteko, klasetik kanpo ere aukera
Euskara ikasteko, berriz, Hernaniko Udal Euskaltegian edozeinen mailara, beharretara eta ordutegira egokitutako klaseak ematen dituzte, «astelehenetik ostegunera, goiz, eguerdi, arratsalde eta gauetan». Horrez gain, autoikuskauntza metodoa, etxetik ikastekoa, ere eskaintzen dute.
Askok titulu bat atera nahi dutelako ematen dute izena. «Baina dena ez da titulua. Batzuen helburu bakarra ez da titulua, baizik eta euskara ikasi nahi dutela». Horiei begira, klasetik kanpo hainbat ekimen antolatzen dituzte: euskara praktikatzeko taldea, asteazkenero Gunea garagardotegian egiten den Kafe Tertulia...
Zilegi Eskolak, ikasitako euskara praktikatzeko
Euskara ikasi edo praktikan jartzeko aukera ematen du, baita ere, AEK euskaltegiak, eta Hernanin eta Astigarragan dauzka bulegoak.
Baina klaseez gain, ikasitako euskara praktikan jartzeko aukerak garrantzia du AEKn. Horretarako, Zilegi Eskolak antolatzen dituzte, ikasturte osoan zehar. «Ikasleak beraiek, edota herritarrak izan daitezke gai-emaileak, eta irekiak izaten dira». Horri esker, edozeinen intereserako gaiak lantzen dituzte, noski, euskaraz. Aurten, zerrenda hau prestatu dute: bertsolaritza hastapena; sukaldaritza makrobiotikoa; bitxigintza tailerra; haurrak eta sare sozialak; 3D inprimakiak; argazkilaritza tailerra; lorazaintza; sendablerrak; gozogintza; arteterapia eta marrazkien interpretazioa; plaza dantzak; harremonak eta tratu onen eskolak; hitano ikastaroa; eta zeinu hizkuntza. Blogean ere jarraipena egiteko aukera ematen dute: zilegieskola.blogspot.com.es.
Ikasketerako laguntza, edo notak hobetzeko bultzada
Bestelako akademiak ere badaude Hernanin; ohiko ikasketetan laguntza ematen dutenak, hain zuzen.
Tilosetako Akademian, adibidez, lehen hezkuntzako ikasleekin hasi, eta unibertsitatean daudenetaraino hartzen dituzte kontuan. Normalean, errefortzuko klaseak izaten dira, baina baita notak hobetzen laguntzekoak ere. «Etxerako lanak egiten laguntzen dugu, eta horiek egtiean sortzen diren zalantzak argitzen. Batzuk zailtasuna izaten dute ikasgairen batekin. Baina badira beste batzuk, adibidez, zein unibertsitate ikasketak egin nahi dituzten badakitenak, eta horretarako notaren bat hobetu nahi dutenak».
Kasua edozein dela ere, gomendio bat egiten dute: «Onena da urte osoan zehar etortzea, eta pixkanaka, zalantzak argitzeko joatea».
Hizkuntza akademietan aukera izaten da titulu bat ateratzeko laguntza jasotzeko, baina baita hizkuntza berri bat patsadaz ikasi eta praktikan jartzeko ere.
Klaseak, akademian edota norbere etxean
Ekide akademian ere ikasketetarako errefortzu klaseak ematen dira. «Klasean ematen dutena lantzen dugu, dudak argitzeko; ez dugu gure klasea ematen, baizik eta laguntza eskaintzen dugu».
Eta laguntza hori eskaintzeko, bi modu dauzkate. «Bi irakaslek akademian bertan ematen ditugu klaseak, eta beste bik, etxeetan, modu pertsonalizatuago batean». Akademiako klaseetan, berriz, 4-5 ikasleko talde murriztuak osatzen dituzte, «denbora hobeto aprobetxatzeko».
Bestalde, hilabetean behin edo bitan ikasleen gurasoekin elkartzen dira, ikasleak zer moduz ari diren jakiteko. «Ikasle gehienak 8 eta 18 urte artekoak izaten ditugu, eta batzuetan, ez dira ausartzen beraien kezkak azaltzen. Horregatik, gurasoekin biltzen gara gure iritzia emateko, eta jakiteko. beraiek ikasleak nola ikusten dituzten, ikasleengan aurrerapenik ikusten ote duten, ondo sentizten ote diren...».
Ekide akademian ere, ziur daude onena dela ikasturte hasieran, edota udaran hastea akademian. «Ikasle gehienek gaitasuna badute, baina ikasteko oinarria eta ohitura falta dituzte. Asteroko lanarekin nahikoa izaten dute oinarri sendo bat lortzeko, eta gero, oinarri horrekin, aurrerantzean beraiek bakarrik moldatzeko, akademiara etorri beharrik gabe».
Helduentzako ere bai; izan langile, edo langabe
Akademia gehienetan ikasle gazteak ibiltzen dira gehienbat, baina bestelakoa da Urolalde, Enplegurako Lanbide-Heziketa Zentroa. Hernanin, Orkolagan dauka bulegoa, eta helduentzako ikastaroak ematen dira bertan; langileei zuzendutakoak batzuk, eta langabezian daudenentzako, beste batzuk.
«Hobetuzen bitartez, langileentzako ikastaroak ematen ditugu, eta Lanbideren bitartez, etengabeko prestakuntza. Enpresentzako ikastaro bonifikatuak ere eskaintzen ditugu».
Helduentzako ikastaroak ematen dira bertan, eta mota guztietakoak. «Hil honetan, adibidez, B1 mailako ingeles ikastaroa emango dugu». Ikastaro asko, gainera, 100% diruz laguntzen dira.
Bestalde, «Lanbiderekin elkarlanean» aritzen da Urolalde, eta «lanbide agentzia» moduan funtzionatzen du, langabe daudenentzako lanpostuak bilatuz.
Martxan dauden ikastaroetan edo datozenetan izena emateko, eta lanpostu bilaketan laguntza eskatzeko, nahikoa da Hernaniko bulegora jotzea.