Uretara salto egiteko aukera izango da gaurtik, Maialen traineruarekin

Kronika - Erredakzioa 2015ko aza. 14a, 01:00

«Gogor lan egiteko prest gau­de, udan gure onena ema­te­ko», azaldu dute Her­na­niko Arraun Elkarteko nes­kek. Ba­di­ra hiru aste entre­na­tzen ha­si zirela, arlo fisi­koa lantzeko, eta gaur, lehe­nen­go aldiz ure­taratuko dute Maialen trai­nerua, Pasaian egingo duten entrenamendu irekian.
Arrauna probatu nahi du­ten 16 urtetik gorako neskak animatu nahi izan dituzte gaurko entrenamendura, eta aurrerantzean ere izango da aukera. Taldeak ia arratsal­de­ro entrenatzen du Elorra­bin duen egoitzan, eta gaur­tik aurrera, trainerua ere gehiagotan uretaratuko dute, Pasaian. Probatu nahi duena harremanetan jar daiteke hernani.arrauna@gmail.com helbidera idatzita, edo Juan­txo Etxarte entrenatzaileari deituta: 656 761 252.

Arraunlari berriei deia, denboraldia luzea baita
Hernani eta Tolosako arraun­lariekin osatu zen iaz, lehe­nen­go aldiz, Maialen trai­nerua, eta aurten ere taldea mantendu dute, gutxi-gora­behera. Hala ere, arraunlari berriak animatu nahi dituzte taldearekin bat egitera: «Mo­mentuz kopuru polita dugu, baina denboraldia luzea iza­ten da, eta ongietorriak izan­go dira arraunlari berriak».
Arrauna ez da kirol xa­mu­rra, ordea, eta gauzak garbi esaten dituzte: «Argi dago arrau­na kirol gogorra dela, eta ia egunero entrenatzeak erru­tina zehatz batean sar­tzen zaitu. Gainera, neguko hilabeteak luzeak egiten dira. Edonola ere, hor baldin ba­gau­de zerbaitegatik da, arrau­na gustuko dugulako».

«Herriaren ordezkari izatea oso polita da»
Hain zuzen, argi dago gehia­go direla arraunera engan­txa­tzen duten ezaugarriak.
«Egu­nero taldekideekin ego­te­ak harreman berezi bat sor­tzen du guztien artean. Gai­nera, herrian zaleak iza­tea lortu genuen iaz, kalean batek baino gehiagok gal­derak egin zizkigun udan es­tro­pa­dei buruz, eta estro­pa­detan gu­re aldeko animoak entzu­tea izugarria izan zen. Estro­pada bat bukatzen duzu­nean, nekatuta egon arren, gor­pu­tzean geratzen zaizun senti­pena izugarria da, eta guztien artean giro ona iza­ten saia­tzen gara, nekeari umorez aurre egiteko. Gauza horiek iza­ten dira gero jarrai­tzeko go­goa pizten dizutenak. Gai­nera, lehen aldiz lortu du Her­nanik emakumeen trai­ne­rua uretaratzea, eta gure­tzat herriaren ordezkari iza­tea oso polita da».

«Estropadetan gure aldeko animoak entzutea izugarria izan zen»

Iazkoa hobetzea, aurtengo helburu
Oraindik goiz da aurtengo denboraldia nola joango den jakiteko, eta aurtengo helbu­ru­ak zehazteko. Baina lehen­go urteko esperientzian oina­rrituta, aurreko denboraldian egindako lana hobetzea dute buruan.
«Iazko estreinaldia kontu­an izanik, argi dago aurten iazkoa hobetzea izan behar dela gure helburua. Iazko espe­rientzia gainean dugu, eta pixkanaka gure pres­taketa ere hobea da».
Horretarako, hainbat lan zehaztu dituzte, dagoeneko! «Oriaren jaitsieraz gain, jaitsiera gehiagotan ere parte hartzeko asmoa dugu; hala, neguan ere non gauden ikusiko dugu. Gero, liga ekaina inguruan hasiko da; bien bitartean, bateletan ere lehiatuko gara».

Kontxa, denboraldiari ginda jartzeko estropada
Ez da erraza izango, hala ere, lehenengo urteko markak hobetzea. Izan ere, gustora geratu zen kluba, Maialen traineruko arraunlarien lanarekin.
«Traineru berri guztien aurretik sailkatzea  lortu ge­nuen; Colindres, Oiartzun, eta Donostiarra; eta hori ez da gutxi. Kontxako sailkatze estropadan parte hartzea oso polita izan zen, eta den­boraldiari bukaera polita eman genion».
Trainerua osatu zuten kide guztiak arraunlariak ziren, baina denentzako be­rria izan zen traineruan ibiltzea: «Ligan emandako mailarekin gustora geratu ginen».

«Traineru berri guztien aurretik sailkatzea lortu genuen, eta hori ez da gutxi»

Entrenamendu irekia, neska berriak erakartzeko
Lehenengo urteak utzitako zapore onari helduta, ilusio haundiarekin eta gogotsu hasi dute entrenamendu saioa, Maialen traineruko arraunlariek. Ilusio hori ingurura zabaltzeko asmoa dute, gainera.
Horregatik antolatu dute gaur­ko entrenamendu saio ire­kia, «neska berriak era­kar­tzeko, sekula traineru batean arraunean ibili ez denak ere aukera hori izan dezan».
Ez dakite arraunlari berri askorik animatuko ote den gaurkoan, baina «ahalegina» egin dutela diote, «jendeak ikus dezala arraunlari berriak jasotzeko prest gaudela».
Gaurkoan Pasaian ariko dira entrenatzen, eta nahi izanez gero, ikustera ere gerturatu daiteke. Horrela, datorren astetik aurrerako entrenamenduetan parte hartzera ere animatuko da baten bat!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!