Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak ez ditu onartu Gerdau Aceros Especiales eta Cofivacasa enpresek jarritako errekurtsoak. Donostiako epaitegiak, Hernaniko Pedro Orbegozo-Acenor enpresako langile izandakoari (Eugenio IC) 69.724,33 euro ordaintzera zigortu zituen eta horren aurrean jarri zituzten errekurtsoak. Gizarte segurantzak erabateko ezintasuna aitortu zion asbestosiagatik, lanak eragindako gaixotasuntzat hartuta, nahiz eta ezintasun iraunkorra izan gaixotasun orokorragatik; lunbalgiagatik.
Elkartetik honakoa adierazi dute: «Errekurtsoan, enpresek ez dute zalantzan jarri langile ohiak amiantoarekin lan egin izana, ezta indarrean dagoen legedia bete ez izana enpresak. Baina kalte ordainaren aurka azaldu ziren, azalduz, asbestosia gaixotasun benignoa dela, ez zaiolako minbizirik sortu eta ordurako ezintasun iraunkorra zuen pentsionista zela, arnasketa gaixotasuna gutxietsiz».
EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiak, berriz, Donostiako epaitegiaren ikuspuntuarekin bat egiten duela gaineratu dute ASVIAMIEtik (amiantoaren biktimen elkartea), eta balorazio positiboa egin dute. Hori horrela, inguru kaltegarrietan hamarkadetan lan egin duten eta arnasketa eta disnea arazoak dituzten pentsionista kaltetuei erreklamatzeko dei egiten diete beraien gaixotasunak lan gaixotasun gisa aitortu daitezen eta jasandako kalteagatik ordaina jaso dezaten. «Siderurgiako milaka langilek egin zuten lan amiantoarekin eta silize kristalinoarekin, beste hainbat sustantzia kantzerigenorekin batera, eta orain ondorioak jasaten ari dira arnasketa gaixotasunekin eta minbiziekin», nabarmendu dute.
Horrez gain, elkartetik dei egiten diete kaltetuta egon daitezkeen herritarrei eskaera egiteko, amiantoaren Zainketa Sanitarioko Planean sartu ditzaten, lan gaixotasunen hautematea goiztiarra izan dadin, eta gaixotasun horien jatorria ezkutuan geratu ez dadin, kalte ordainik jaso gabe.