Aizmendi zabortegia Donostiako lurretan dago, Basozabal inguruan, baina Hernani eta Astigarraga ondo ondoan. San Markos Mankomunitatea obrak egiten ari da eta herritarrengan izan dezakeen interesa kontuan hartuta, Mankomunitateko teknikariekin hitz egin du Kronikak. Kontuan izan behar da, gertutasunaz gain, Hernani eta Astigarraga ere, mankomunitateko parte direla. Teknikariek obraren eta zabortegiaren inguruko azalpenak eman dituzte.
San Markosek Aizmendiko zabortegia iragazgaizteko (impermeabilizar) obretan 500.000 euro inbertituko dituela jakin genuen abuztuan. Zer da zehazki egingo dena? Zergatik ikusi da behar hau?
Hondakin ez-arriskutsuak gordetzeko gelaxka bat egingo da. Hondakin ez-arriskutsuak hemendik aurrera sartu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Baimen Bateratuak hala eskatzen duelako.
Diozue, hondakin geldoetarako eta ez arriskutsuetarako gune bat izango dela. Ze hondakinetaz ari gara?
Ingurumen Baimen Bateratuan (IBB) izendatzen dira. Hondakin geldoak: eraikuntzako hondakinak, lur eta harriak, kristalaren ekoizpeneko hondakinak, prozesu termikoetako hondakinak,… Hondakin ez-arriskutsuak industrietako hondakin ezberdinak, nekazaritzako hondakinak,… LER zerrenda luze bat dago Ingurumen Baimen Bateratuan, nahi izanez gero, eskuragarri dago.
Geldoak edo hondakin ez arriskutsuak izate hori bermatua al dago?
Bai, zabortegiak hondakinen sarrerarako duen prozeduraren bitartez (emaitza analitikoak, isurtzerakoan egiten diren kontrolak,…). Eusko Jaurlaritzak IKS-eeM plataforma garatu eta derrigorrez erabiltzera behartzen du. Bertan prozedura sakona egiten da inolako hondakina sartu baino lehenago. Horrekin lotuta, ingurumen zaintza protokolo zorrotzak daude indarrean.
Osinbeltzeko proiektuak adibidez, kezka sortu zuen eta zalantzan jarri zen usainak sortuko zirela, kutsadura, eta hondakin geldoena ezin zela bermatu esanez, besteak beste. Ze alde dago?
Ezin dugu galdera hau erantzun, Osinbeltzeko proiektuaz ez baitugu prentsan agertu diren azaleko ezaugarriak besterik ezagutzen.
Eta gaur egungo egoera zein da Aizmendiko zabortegian?
Alde batetik, hondakin geldoen berreskurapen lanetan ari da, hauek txikituz eta erabilera berri bat lortu nahian, bideetako oinarri gisa, besteak beste… Berreskuratu ezin diren hondakinak isuri egiten dira. Eta beste alde batetik, hondakin ez-arriskutsuak aurrerantzean isuri ahal izateko, gelaxka eraikitzen ari da.
Ze hondakin eraman izan dira eta ze hondakin eramaten da gaur egun bertara?
Eusko Jaurlaritzak emandako IBB delakoan onartutakoen artean gure eremuan sortzen diren ohikoenak. Den-denak geldoak edo ez-arriskutsuak (ikusi Eusko Jaurlaritzaren 49/2009 Dekretua talde ezberdinen ezaugarrien berri izateko).
Zenbat tona urtean? Eta nondik?
29.000 tona inguru 2014 urtean. Mankomunitatea osatzen duten herrietatik; Udalek zein aktibitate ekonomiko ezberdinek sortuak.
Zenbat dira berrerabilgarri edo birziklagarriak?
485 tona inguru 2014 urtean. Dena dela, aurten, eraikuntzetako hondakinak berreskuratzeko ekimen batean hasi gara.
Aurrera begira, Aizmendirako bada beste proiekturik aurreikusia?
Bai, hurrengo urteetan, hondakin ez-arriskutsuen gelaxkak haunditzeko lanak egingo dira, hondakinen mailak gora egin ahala. Gelaxkak bete eta gero zigilatze lanak hasiko dira, berriak eraikitzen diren heinean.
Aizmendik urte luzerako jarraitzea espero al da?
Zabortegiaren ahalmena finkoa da eta metro kubikotan neurtzen da. Itxiera urtez urte sortu eta briziklatu ezin diren material kopuruek zehaztuko dute. Birziklapen ekimenak haunditzen diren heinean, zabortegiaren bizitza gutxienez (zenbait zatitan) 2036ra arte luzatu daitekeela pentsa daiteke.
Hondakin geldoak eta ez arriskutsuak
Hondakin geldo eta ez arriskutsuen azalpena, Eusko Jaurlaritzaren 49/2009 dekretuan bildua:
Ez arriskutsuak: indarrean den araudiak arriskutsu gisa
sailkatu ez dituenak.
Geldoak: eraldaketa fisiko, kimiko edo biologiko garrantzitsurik jasaten ez duten hondakin ez-arriskutsuak. Hondakin geldoak ezin dira disolbatu, ez eta erre ere, eta ez dute erreakzio fisiko ez kimikorik, ez eta beste inolako erreakziorik ere; ez dira biodegradagarriak, eta ukitzen dituzten materialei ez diete kalterik eragiten; hots, ez dute ingurumena kutsatzen edo gizakien osasuna arriskuan jartzen. Horrez gain, hondakin horiek sailkatzeko lixibiagarritasun osoa aintzat hartu beharko da eta, gainera, hondakinen osagai kutsagarri kopuruak eta lixibiatzearen ekotoxizitateak hutsalak izan behar dute; bereziki, ezingo dute gainazaleko edota lurpeko uren kalitaterako arriskurik ekarri.
UDALEI GALDEZKA
Hernani eta Astigarragako Udalei ere galdetu die Kronikak obra honen eta zabortegiaren inguruan. Astigarragako Udalak erantzun du.
Nola hartu duzue obra honen berria?
Badakigu irailean hasi zirela. Obra lanak beharrezkoak dira Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Baimen Bateratuak hondakin ez-arriskugarriak gorde ahal izateko, leku bat eraikitzea eskatzen duelako. Kasu honetan, gelaxka bat egingo dute. Guri ingurumen zaintza protokoloa jarraitzea ondo iruditzen zaigu.
Ze balorazio egiten du Udalak zabortegiaren inguruan?
Zabortegi hau ez dago Astigarragako eremuan, beraz, ez dira gure erantzukizuna San Markosek hasitako obrak. Hala ere, guk beti ontzat hartuko ditugu ingurumena eta natura errespetatzeko eta birziklapena sustatzeko bideratuta dauden neurri guztiak. Kasu honetan, argi dago obraren helburua Ingurumen Baimen Bateratuak eskatzen dituen baldintzak betetzea dela.