Obrak eginen dira, Tifanitxon

Kronika - Erredakzioa 2015ko urr. 31a, 01:00

Martxoan hasi, eta bi hilabeteko epean, Tifanitxo eraikinaren lau hormak eta teilatua berritzeko obrak eginen ditu Goizuetako Udalak. «Begibistakoa da azken urteetan okerrera egin duela eraikinaren egoerak, eta Udalak, eraikinaren egoeraren jakitun, aurreko udal taldeak hasiera eman zion zaharberritze proiektuari jarraipena emango dio. Horretarako, 68.000 euroko inbertsioa eginen dugu, eraikinaren lau hormak eta teilatua berritzeko», azaldu dute.

Deialdia, eraikina erabiltzeko proposamenak egiteko
Kanpoaldea berritzeaz gain, «barrutik ere berritzeko momentua» dela uste du Udalak. Horretarako, auzolanerako deia egin du. «Orain artean bezala, eraikinak, erabilera publiko eta herritarra izaten jarraitzea da Udalaren asmoa, eta beste hainbat herriko txoko berritu diren gisan (labaderoa, Umore Ona Elkartea...), Tifanitxo ere auzolanaren bidez berritzeko nahiko indar badugula uste dugu».
Horrekin lotuta, Tifa­ni­txok egun duen erabilera haunditu daitekeela uste du Udalak, eta deialdia egin die herritarrei, «beren jarduera burutzeko txoko bat izan nahiko lukeen orori, Udalean beren berri emateko».
Orain artean, dantza eta zine emanaldietarako erabili izan da, edota Gaztetxe mo­duan egin da ezagun. Baina bestelako jardueraren bat proposatu nahi dutenek, azaroaren 4tik 25era eskaera egin ahal izanen dute Udalean. Horretarako, idatzi bat aurkeztu behar da, honakoak zehaztuta: nork egiten duen eskaera, zer erabilera eman nahiko liokeen, gune horretan zein behar edukiko lituzkeen (mahaiak, apalak, arraska...) eta interesgarria iruditzen zaion informazioa. «Honekin guztiarekin, espazioa ahalik eta modu egokienean antola­tzen saiatuko gara».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!