Mota guztietako argazkiak, Agirre eta Arnaizen eskutik

Kronika - Erredakzioa 2015ko aza. 12a, 01:00

Argazki erakusketa jarri dute Maria Mamerta Agirrek eta Xabier Arnaizek Biterin. Gaur inauguratuko dute 19:30etan eta azaroaren 26ra arte egongo da ikusgai. Egun osoan zehar egongo da gela irekia, erakusketaz gozatzeko: 10:00-13:00 eta 18:00-20:30; eta larunbatetan, 10:00-13:00.
Kamaratik begira izena du erakusketak eta bertan, mota guz­tietako argazkiak jarri dituz­te: «Txuri-beltzean eta ko­lor­etan egongo dira argazkiak, eta ta­mai­na desberdinetakoak; inor ez aspertzeko. Ez genuen erakus­ke­ta uniforme bat egin nahi», diote.
Bien argazkiak nahastuan egongo dira eta batzuk argibide txikiren bat baldin badute ere, argazki gehienak sinatu gabe egongo dira. Agirrek erakusketa jarria dauka orain dela bi urtetatik Pagoetako Parke Botanikoan eta bertako argazki batzuk ekarri dituzte. Arnaizek, berriz, Foto Forumekin jarri zuen erakusketako intsektu eta zomorroen makro argazki batzuk ere jarri ditu berriz. Dena dela, errepikatutako argazkiak oso gutxi omen dira. «8-10 argazki izango dira errepika­tutakoak, eta denera, 90 argazki jarri ditugu erakusketan».

Estilo ezberdinetako argazkiak
Erakusketan, denetariko ar­gaz­ki­ak aurkituko ditugu: paisaiak, animaliak, loreak, testurak…
Argazki batzuk lehendik ateratakoak dira, eta beste ba­tzuk azken aldian atera dituzte erakusketarako: «Asturiasen eta Galizian izan gara orain dela gutxi eta argazki asko atera ditugu bertan. Rapa das Bestas festan egon ginen, besteak beste, Pontevedran eta ikusga­rria da. 20.000 pertsona inguru bildu ginen; sekulako montajea. Abereak nola desparasitatzen dituzten, txipa nola sartzen dieten… horrelako irudiak atera­tzeko aukera ere izan dugu», dio Arnaizek.
Asturiasen, berriz, paisai­en argazkiak ateratzen aritu da. Eta Agirre, arrokei: «Paisai­ek ez naute bereziki erakartzen argazkiak atera­tze­ko. Oso gauza konkretuak eta txikiak gustatzen zaizkit. Testurak gustatzen zaizkit. Eta hango arrokak ikusgarri­ak dira. Ze paretatzarrak eta zenbat kolore desberdin bil­tzen dituzten… Zumaiako flyschak bezala, koloretan».
Tematika jakin bateko argazkiak ere jarri ditu Arnaizek. Sarea oinarri duten argazkiak dira eta 10 bat izango dira ikusgai. Sarearen bidez ikusten dena, sareak ikusten duena… erakusten dute argazki horiek.
Loreak ere oso presente egongo dira, Agirrek ateratako argazkietan. Baita kristal puskatuei ateratakoak eta Hernaniko zenbait argazki.
Argazkiez gain, infor­ma­zio pixka bat ere jarriko dute erakusketan, ze tresneria eta ze kamarak erabiltzen dituz­ten azalduz.

«Paper bereziak ere erabili ditugu, fotografikoaz gain»

Argazkiak salgai
Argazkien aukeraketa egitea oso zaila izan dela azaldu dute biek: «Milaka argazki dauzkagu eta oso zaila da aukeraketa egitea. Hala ere, iruditzen zaigu zerbait txukuna prestatu dugula, saiatu gara behintzat. Gainera, asko­tan, argazkilaritza ez dela baloratzen iruditzen zaigu eta guk daukan balioa eman nahi genion erakusketa honetan. Paper bereziak ere erabili ditugu, fotografikoaz gain».
Salgai egongo dira argazki guztiak eta norberaren beharre­tara egokitzeko aukera izango da. Hau da, argazkiren bat haunditu edo txikitu nahi bada, aukera emango dute.

Beste bide batzuk bilatu behar
Hernanin, halako erakuske­tak ikustera joateko ohiturarik ba ote den galdetuta, askorik ez dagoela diote. «Fotofo­rumekin, erakusketa kolekti­boa egin ge­nuenean, 800 lagun etorri ziren. Baina taldean Hernanitik kan­po­ko­ak ere badaude eta bakoi­tzak jende desberdina ekarri zuen. Oso oso erantzun ona izan zuen, baina desber­dina da bakarka egiten duzunean».
Horrez gain, herritarren­gan ohitura hori sortzeko ere, aukera askorik ez dagoela diote.
«Biterin leku falta dago. Bi urte baino gehiago itxaron dugu erakusketa hau jartzeko eta gainerakoak ere horrela dabiltza. Beste bide batzuk bilatu behar dira. Aukera badago eta Udalak ere zentzu horretan lan egin beharko lukeela uste dugu».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!