Memoriaren Eguna izan zen atzo eta ekitaldia egin zuten Udaleko lau alderdi politikoetako ordezkariek, elkarrekin. Ave Maria parkean elkartu ziren, herritarrekin batera. Harri bat jarri zuten parkean, «gure herriaren historian mugarri izatea nahi genukeen harria, bakean eta elkarbizitzan oinarritutako etorkizuna islatuko duen harria», azaldu zuten. Hain zuzen, adostutako testu bat irakurri zuten, honakoa dioena: «Herritar gisa ez ezik, ordezkari politiko gisa ere bizi izan dugu guk gertatutakoa, eta horrek pitzatu egin du gure arteko harremana eta konfiantza, eguneroko jardun politikoan eta, ziurrenik, jendartean ere arrasto sakona utzi duena».
Eta harriari erreferentzia eginez, jarraitu zuten: «Alde eta ertz ugariko haitz honen aurrean, oroimenerako eskubidea aldarrikatu nahi dugu, horixe baita etorkizuneko elkarbizitza eraikitzeko zimendua, elkarrenganako errespetuan eta aitortzan sustraitutako elkarbizitza. Arroka hau izango du euskarri biharko jendarte hernaniarrak. Gure arteko harremanak normaldu eta elkarrekin bizi izateak zera esan nahi du: elkar ezagutzea, partekatzea eta elkarlanean jardutea. Herritarron ordezkari garenez, hementxe gaude geure konpromisoak hartzeko prest. Udaleko ordezkarion arteko elkarlanetik sortu den ekitaldi honek konpromiso horren sinbolo eta ikur izan nahi du».
«Memoriak kolektiboa, anitza eta integratzailea izan behar du»
Egia guztiak ezagutzea ezinbestekoa dela gaineratu zuten: «Sinetsita gaude memoriak kolektiboa, anitza eta integratzailea izan behar duela. Ezinbestekoa da egia guztiak ezagutzea, iraganak etorkizunari gaina hartu ez diezaion. Memoriak bezala, elkarbizitzak ere errespetuan izan behar du oinarri, duintasunarekiko errespetuan. Hori da gure aldarria».
«Denon ardura da elkarrekin jardutea»
Atzo emandako urratsak aurrerabidea izatea nahi dute eta horretan ahalegintzeko konpromisoa hartu zuten. Herritarrei ere luzatu zieten gonbidapena: «Gonbidatzen zaituztegu gurekin batera jardun dezazuen desberdinen arteko errespetuan oinarritutako elkarbizitzaren eraikuntzan. Parke hau elkargune bihurtzea nahi genuke, jendarte inklusibo eta partehartzailearen zutabeak zizelkatu eta lantzeko elkargune. Horixe da Udal hau osatzen dugun alderdi politikook egin nahi dugun bidea, zuekin batera ibili nahi duguna. Hauxe gaur oroimenari eta elkarbizitzari eskaini diogun tartea. Bihartik aurrera denon ardura izango da elkarrekin jardutea, begiratzea, entzutea, hitz egitea, eta gaur ireki dugun bidezidorretik aurrera jotzea».
Lujanbioren bi bertso
Harriak Maialen Lujanbiok idatzitako bi bertso dauzka. Atzo bertan kantatu zituen ekitaldian eta halaxe dio azken bertsoko azken puntuak: «Ez du denborak dena egingo... bai, aldiz, borondateak».
Txalaparta doinuekin hasi eta bukatu zen ekitaldia.