Hernani Errotzen kultur elkarteak antolatuta, Markel Ormazabal eta Jule Goikoetxeak hitzaldia emango dute bihar: Kapitalaren kultura: salgaia Hiria denean. Arratsaldeko 19:30etan izango da, Biterin.
Ormazabalek aztertuko du mundu ekonomiaren mapan, hiriek, metropoliek ze balio hartzen duten. Eta baita, kulturak ere. «Nola ulertzen den kultura, hirien barruan. Kultura nola bihurtzen den aitzakia, kapitala erakartzeko. Kultura nola ulertzen den kostu-irabazien harreman horren barruan. Eta hori guztia, 2016 kontestuaren barruan», dio. Hitzaldian, Donostia izango dute oinarri eta 2016ko testuingurua (Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburua). Eta gaineratu du: «Kulturaz hitz egitean, kontsentsuzko zerbait bezala hitz egiten da, baina botere harremanak ematen dira. Irakurketa hori ere egin behar da. Azken gertakarietan ere ikusi da, Kortxoenearekin zer gertatu den».
2016 proiektu kulturalak ekarriko dituen ondorioak ere aztertzekoak direla azaldu du: «Eta Hiria ez da soilik Donostia. Inguruko herrietan, herrialde osoan izango du eragina, eta argi eta garbi Hernanin ere bai, Donostiatik hain gertu egonda». Honekin lotuta, Euskal Hiriaren kontzeptuaz hitz egingo du.
Bestetik, Jule Goikoetxeak Hiritarkeria eta Kapitalaren kultura izango ditu hizketagai: «Zertaz ari gara kulturaz ari garenean? Kapitalaz ari al gara? Hiriburuez edo gainbalioaz, edo biak aldi berean? Hiria eta kultura elkarren eskutik doaz, elkarrekin jaio omen zirelako. Hiriak kultura sortu zuen kulturak hiria asmatu zuenean. Kulturgintza hirigintzaren zilborestean dago kokatua mendebaldeko zibilizazioan, greziar filosofia urbanotik edo polisetik hasi, hiri militar erromatarretatik igaro eta Tokyo, Berlin edo New Yorkeko hiri globaletara ailegatu arte. Zer dute horiek guztiek amankomunean? Espazio publikoaren eraikuntza (neo)liberala, espazioaren kontzeptualizazio ilustratu eta burgesa».