Errefuxiatuen harrerarako lan-mahaia bildu zen ostegunean. Udaletik aipatu zuten, informazio berririk ez dutela gai honen inguruan eta gainontzeko erakundeak ari direla (Jaurlaritza, Aldundiak, Eudel), hainbat erakunderekin batera (Gurutze Gorria, Cear) harrera honen antolaketaz arduratzen. «Ez daukagu daten edo iritsiko diren pertsona kopuruen inguruko berririk. Aipatutako erakunde horiek proposatu dutena da jendeak lagundu nahi badu, elkarteen bidez egin behar dutela. Hala ere, Udalak, orain arte egin duen bezala, jarraituko du laguntza eskaini nahi duten pertsonen erregistroa egiten eta gai honetarako sortu den lan-mahaian hartuko dira herri mailan egin daitezkeen pausoen inguruko adostasunak», azaldu zuen Xabier Lertxundi zinegotziak.
Agustin Unzurrunzaga Europar Batasunean izaten ari den asilo krisiari buruz aritu zen. Hainbat datu eman zituen: nondik datozen pertsona errefuxiatuak eta zer gatazka bizitzen ari diren euren herrialdeetan, eta Europar Batasunean zer arazorekin topo egiten duten.
Gerardo Karrere Herri mailan egin daitezkeen ekimenez aritu zen. Errenterian sortu den Udalaren eta herriko eragile desberdinek osatutako lan-mahaiaz aritu zen (orokorrean Hernanikoaren antzeko pausoak eman dituena).
Bertaratu zirenen artean hausnarketarako tartea ere izan zen eta ideia hauek nagusitu ziren:
- «Beste garaietan Espainiar Estatutik eta Europatik errefuxiatu asko izan ziren eta orain bueltan datorrenean errefuxiatuenganako beldurra sortzen da».
- «Errefuxiatu politikoez ari gara hizketan, baina zer gertatzen da ekonomia arazoak direla eta herritik alde egin behar dutenekin?»
- «Beharrezkoa ikusten da, orain gai honekin jendearengan sortu den laguntzarako nahia aprobetxatzea jada arrazoi batengatik edo beste batengatik euren herrietatik alde egin dutenei laguntzeko».