Mendizale Astea antolatu du beste behin Mendiriz Mendi elkarteak, gaur hasi eta igandera bitartean.
Ostegunera arte, hitzaldi eta argazki proiekzioak izango dira Biterin; denak, 19:30etan hasiko dira.
Ostiralean, berriz, argazki lehiaketako sariak banatuko dira, 18:00etan hasita, eta igandean bazkide eguna ospatuko dute.
Hasteko, Islandia
Hasteko, Iñaki Kaperochipik Islandia ezagutzeko aukera emango du gaur, Uharte bolkanikoa begiztatzen proiekzioarekin.
Bihar, berriz, Idurre Sanz eta Unai Bakerok Kathmandu eta Annapurna bailarak ekarriko dituzte Biterira; Poon-Hilleko mendi ibilaldia, Kathmandu inguruko herrixken altxor kulturalak aurkitzen.
Asteazkena Sonia Rodriguezen txanda izango da, eta Jordaniari buruz ariko da: Kontrasteko herrialdean, hankaz zein besoz.
Ostegunea, azkenik, Mikel Aristregiren Santio bidea bizikletaz, kostaldetik ikusteko aukera izango da.
Sariak, ostiralean
36garren argazki lehiaketako sariak ostiralean banatuko dituzte. Arratsaldeko 18:00etan hasiko da ekitaldia, Biterin, gaztetxoen irteeretako argazki proiekzioarekin eta domina banaketarekin. Gero, sariak banatuko dira, eta urtean zeharreko irteeretako argazkiak ikusi ahal izango dira.
Igandean, Zerainera
Astea bukatzeko, bazkide eguna ospatuko dute igandean. Goizean, Zeraingo Oamendira joango dira, eta bazkaria izango dute, ondoren.