Datorren astean izango da Antzerki Zikloa Biteri kultur exean, eta bihar jarriko dira salgai sarrerak; saio bakoitzeko sarrerak 7 euro balio ditu, eta hiru saioetarako bonoa, berriz, 16,50 eurotan egongo da.
Sarreren erdiak bihar goizean jarriko dira salgai, 09:00etatik 14:00etarako tartean, eta beste erdiak, arratsaldean, 16:00etatik 20:00etara.
Hiru antzezlan, asteartetik ostegunera
Guztira, hiru antzezlan ikusteko aukera izango da Antzerki Zikloan. Aurrenekoa hilaren 17an izango da, iluntzeko 20:00etan, euskeraz: Ttanttaka teatroaren Kreditua. Bigarrena, hilaren 18an, euskeraz baita ere; Dejabu panpin laborategiaren Arrastoak. Azkena hilaren 19an izango da, gaztelaniaz; Teatro mutante eta Pabellon 6ren Cabaret Chihuahua.
‘KREDITUA’
Azaroak 17, euskeraz
Sukurtsal bateko zuzendaria izatea ez da batere erraza, gaur egun. Lehen, dirua behar zuenak bankura jotzen zuen kreditua eskatzera. Gehienetan, eman egiten zitzaion, baina ematen ez bazitzaion, isildu eta etxera burumakur itzultzen zen. Gaur egun, ordea, ez da erraza ezezkoa ematea, kreditua ukatuz gero, jendea ez baita etxera itzultzen, apal-apal.
‘ARRASTOAK’
Azaroak 18, euskeraz
Lurren ama arrastorik utzi gabe desagertu zen, eta Lurrek ez du sekula ezer galdetu. Ordutik, bakarrik egin behar izan dio aurre bizitzari, etxean harrapatuta bizi den aita besterik ez baitu. Baina, halako batean, amaren gorpua agertuko da, eta Lurrek aurre egin beharko die memoriaren zulo ezkutuenetan gorderik egondako sentimendu eta munstroei.
‘CABARET CHIHUAHUA’
Azaroak 19, gaztelaniaz
Musikal kritikoa da Cabaret Chihuaha; gaur egungo krisi garairako egokia. Izan ere, zonbien mundua ikutuko duen ikuskizun eusko-mexikar honetan, ironia eta kritika izango dira nagusi. Munduaz bestaldeko exorzismoa baliatuko dute, mundu honetako kontu txarrak kanporatu eta desagerrarazteko. Ondo pasatzeko aukera paregabea eskainiko dute.