Zarkumendegi eremuan, Plan Orokorra moldatzea onartu zen aho batez

Kronika - Erredakzioa 2015ko urr. 31a, 01:00

Ez ohiko Plenoa izan zen larunbatean eta Plan Oroko­rrean aldaketa bat egitea onartu zen aho batez; hain zuzen, Zarkumendegiko zabalpenari dagokiona. Aldaketa honekin, bertako landa lurretan kokatutako sagardotegiak erregulatuko dira. Andoni Gartziak adierazi zuen EH Bildutik asko pozten direla: «Gobernura iritsita, Plan Orokorra betetzeko asmoa zenutela esan zenuten eta lau hilabeteren ostean, aldaketa puntual hau egin izana eta plana betetzen ez zaretela ari ikustea pozgarria da. Egia esan, Plan Orokorrak biltzen zuen sagardotegiak landagunetik poligonora mugitu behar zirela eta horrek ez du zentzurik».
Bereziartuako irteerari soluzio bat ematea ere aurreikusten den galdetu zuen EH Bilduko bozeramaileak. Jesus Mari Santos alkateak erantzun zion aztertzen ari direla.
Azken proposamen bat ere egin zuen Gartziak, Ubarbu­ruko zabalpenari lotuta. «Ubar­buru I landa eremu izatera pasatzea eskatzen dugu. Astigarragan nahiko lur daukagu jarduera ekonomikorako: Zarkumendegi osoa, Txalaka, Ubarburuko gainerako eremua… Gai hau ere aztertzea nahiko genuke». Alka­teak erantzun zuen, oraingoz beste eremua ari direla lantzen.

Bidegorriko lanak, adjudikatuta
Astigarraga-Zarkumendegiko bidegorria egiteko, adjudikazio proposamena ere onartu zen aho batez. Kontratazio Mahai­ak adostutako proposamena bozkatu zuten: Moyua Taldea izatea obraz arduratuko dena. 
Gaiarekin lotuta, Gartziak proposatu zuen, Udalak aurreztua duela diru kantitate bat eta zati bat erabiltzea ingurua egokitzeko: «kruzetik futbol zelairako tartea txukundu, aparkalekua egokitu eta bizikleten­tzako aparkaleku bat  egin, besteak beste».

197.900 euroko kreditu aldaketa
Kreditu aldaketa bat ere bozkatu zen eta onartu egin zen Gobernu Taldearen eta sozialisten botoekin. EH Bilduk kontra bozkatu zuen. Zenbait ordainketari aurre egiteko kreditu transferentzia bat egin behar zela azaldu zuen Ion Arregi ogasun zinegotziak. 197.905,47 euroko kreditu aldaketa izango da. Gartziak EH Bilduren desadostasuna azaldu zuen: «Aurreikusten ez ziren gauza batzuk egin dira, mobilerako aplikazio bat, turismoarekin lotuta, esaterako. Ez dugu esaten egin behar ez zenik, baina itxarotea zegoen. Eta orain ze partidak aukeratu dira gastu guzti horri aurre egiteko? Lehen sektorera bideratutakoa, lana sustatzera bideratutakoa, argiteriakoa, Santiagomendiko lanetakoa, ur sareko lanetakoa… Partida garrantzitsuak dira horiek eta ez gaude ados proposamen honekin. Badaude beste bide batzuk gastu horri erantzuteko. Adibidez, Astiga­rra­ga Lan­tzenek dirua zor dio Udalari».
Horrez gain, beste puntu hauek ere onartu ziren, aho batez: 2016rako taxi tarifak, kale izendegian aldaketa bat egitea; hau da, Urumea Berri dela eta, egiten ari diren eraikuntzako atariei Kontxa Etxeberria Plazako 7, 8 eta 9 zenbakiak jar­tzea, eta Anuskan egindako obren likidazioa. Likidazioa 379.893,81 eurokoa izan da.

Orain, gardentasuna ere bai
Kirola eta partehartze batzorde informatzaileari, gardentasuna ere gehitzea proposatu zuen EH Bilduk eta proposamen hori bozkatu zen larunbateko Ple­no­an. Aho batez onartu zen. Beraz, orain batzordearen ize­na honakoa izango da: Kirolak, gardentasuna eta partehartzea.

Hiru mozioak onartuta
Alde batetik, Aska­penarekiko elkartasuna adierazteko mozioa aurkeztu zuen EH Bilduk eta onartu egin zen, EH Bilduren aldeko botoekin. Gobernu Taldea abstenitu egin zen. Zorione Etxezarraga bozeramaileak azaldu zuen edukiarekin ados zeudela, baina ez formekin. Mikel Duran sozialistak, berriz, kontra bozkatu zuen. Gaiaren inguruan erabakitzea, epaitegiei dagokiela azaldu zuen. Mozio honekin, Udalak honakoa adierazten du: «1.- Elkar­­tasun internazionalista bultzatzeko lanean diharduten erakunde eta persona guztiekiko babesa; 2.- Askapena, Aska­peña, Herriak Aske eta Elkar Trukerekiko nahiz inputatutako bost euskaldun internazionalistekiko elkartasuna; 3.- Aska­pe­na, Askapeña eta Elkar Trukek egiten duten lana ez oztopatzeko exijentzia; 4.- Walter Wende­lin, Gabi Basa­ñez, Unai Vazquez, Aritz Gan­boa eta Dabid Soto euskaldun internazionalisten aurkako epaiketa euren absoluzioaz amaitzeko, dagozkien eskubideak itzultzeko eta zor zaien erreparazioa emateko erreklamazioa».
Bestetik, Hassanna Aaliari elkartasuna adierazteko mo­zioa onartu zen, aho batez. Hori horrela, Udalak erabaki du: «1.- Hassanna Aaliari eta bere familiari sostengua eta elkartasuna adieraztea; 2.- Arbuiatu egiten du Hassanna Aalia giza eskubideen aldeko saharar ekintzailea urriaren 6an Burgosen atxilotu izana eta ondoren zabaldu den prozedura; 3.- Barne Ministe­rioari eskatzen dio Hassanna Aaliak asilo politikorako duen eskubidea aitortu dezala, bere erabakia berriz aztertuz; 4.- Maro­koko Gobernua Mendebal­deko Saharan egiten ari den Giza Eskubideen bortxaketa areagotzen ari dela eta, ardura azaltzea. Errepresio egoera honi amaiera ematea eta Saharako preso politiko guztiak aske uztea; 5.- Berretsi egiten ditu bere konpromisoa Saharar Herriarekin eta bere babesa ekimen politiko eta sozialen alde, konponbide justua eta behin betikoa lortzera bideratuta».
Hirugarren mozioa, Azaroa­ren 7ko indarkeria matxisten aurkako martxaren ingurukoa izan zen eta aho batez onartu zen azken hau ere. Madrilen izango da martxa eta deialdia estatu mailakoa izan arren, garrantzitsuena non izango den baino, zer izango den dela adierazi zuen Etxezarragak. Gogora­razi zuten Astigarragatik autobusa antolatu duela Harituz elkarteak, Udalaren laguntzarekin, eta bertara joateko dei egin zieten herritarrei.

Herritar bat kexu
Herritar batek hitza hartu zuen plenoan eta alde batetik adierazi zien Gobernu Taldeko kideei zuzendu beharreko informazioak eta datuak zuzentzeko prentsan, herritarrek jakin dezaten, eta bestetik salatu zuen alkateak gaizki aparkatzen due­la; «nahi duen lekuan». Eredu izan behar duela esan zion. 

Mozioak ikusgai daude:

Hassanna Aaliari elkartasuna

Askapenarekiko elkartasuna

Azaroaren 7ko indarkeria matxistaren aurkako martxa

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!