Benta Berrin dagoen Muxarra elkartean 41 sozio badira, ehizean ibiltzen direnak, eta 20 lagun inguruko taldetan ibiltzen dira. «Zonak ez du ematen, gehiagorako. Batzuetan, zozketa ere egin behar izaten da», diote. Oraingoz poliki omen dijoa ehiza. Baina denboraldi hasieran normala omen da hori. «Ehiza badago, saiatzen gara harrapatzen, eta bestela, hamaiketako eder bat egiten dugu!». Ez dago, beraz, kezkatzeko motiborik.
Ereñotzu eta Arano inguruetan, eta Aiako Harriak erreserban
Federazioak eremuak dauzka jarrita, eta baita hainbat arau ere. «Goizeko 07:30ak inguruan biltzen gara, eta Diputazioari abisatu behar diogu zein garen, noiz eta non hasiko garen ehizean, kartelak jarri behar ditugu... Guk 6 eremu dauzkagu. Horietatik 5, inguruan; 3 konpartituak, eta 2 gureak. Gero, Aiako Harriak erreserban beste bat daukagu, partekatua. Hor ehizatzeko, Federazioak urteko 14 batida ematen dizkigu. Bestalde, zona librea da Axketakoa, eta bertara astebururo joan gaitezke. Gero, astelehenean, zer ehizatu dugun jakinarazi behar dugu, zer ikusi dugun, eta odola hartu behar diogu, Fraisoron analizatzeko. Iaz Epelerrekan bi txandatan atera zen Brucelosis delakoa!».
Basurderen bat botaz gero, normalean afari bat egiten dute, edo bestela, partitu. «Eta larruak eta tripak Martutenera eramaten ditugu, brizkilatzeko».
Eskasiaren ondoren, ugaritu
Urtero aldatzen omen da kontua, baina egun, basurde asko dagoela aipatzen dute ehiztariek, garai batekin konparatuta.
Andoni Arretxek ondo gogoan du nola hasi zen bera. «Lehen soziedaderik ez zegoen; Ugaldetxoko frontoian juntatu eta basurderen bat harrapatuz gero, jatetxeak atzealdea uzten zigun, puskak egiteko. Baina izan zen urte bat, orain 30 urte, ez zegoela basurderik. 10 dozena botatzen genituen urtean nik 16 urte nituela, eta gero, bat edo bi... Eta hasi ginen kanpora joaten, Huescara. Ehizean ibili eta Jacan lo egiten genuen. Horrela ez zegoen ibiltzerik, eta Diputazioarekin hitz egin genuen. Basurdeak birpopulatu genituen, Urbasatik zerri mestizoak ekarrita. Aketzak, basurde arrak, umetu egin zituen; lau basurdetatik, 22 jaio ziren». Lan horrek, eta mendien egungo egoerak, basurdeak areagotzea eragin du. «Mendien kudeaketa aldatu egin da. Orain zikinak daude. Lehen baserritarrak arduratzen ziren inguruak garbitzeaz, eta ganaduak ere jan egiten zuen. Iñixtorra ere jaso egiten zuten animaliei azpiak egiteko... Orain kontrolik gabeko begetazio gehiago dago, eta defentsa izugarria da, basurdeentzat».
Erromantizismoa galtzen
Ehizatzeko modua bera ere asko aldatu dela nabarmentzen dute. «Lehen Ugaldetxon juntatu eta oinez joaten ginen Urmendi, Etxolaberri eta Axketara. Orain kotxearekin goraino igotzen gara! Erraztu egin da lana. Lehen etortzen ginen ilunarekin batera, etxera, eta orain, eguerdirako. Orain dibertigarriagoa da, kotxearekin, irratiarekin... Lehen kornetarekin ibiltzen ginen. Kornetak behin jotzen bazuen, arrastoa zegoen seinale; bi korneta, basurdea altxea zegoela; hiru, tiroa botea eta basurdea eritua zegoela; eta lau, hila. Korneta luzea jotzen bazen, berriz, jendea erretiratzen ari zela. Baina entzuten ez bazenuen, hantxe bakarrik gelditzeko arriskua! Aspergarriagoa zen!», diote. «Baina erromantizismoa galtzen ari da!», beste batek.
Sostengarria eta soziala
Erromantizismoa galtzeaz gain, ehiztariak ere gutxiago direla aipatzen dute Muxarrako kideek. «Soziologikoki gaizki ikusia dago ehiza. Beharrik ez dago jatekoa eta! Baina guk ehiza sostengarria egiten dugu. Diputazioak kontrolatzen du dena, eta ehizan uzten digute, asko dagoelako; erregulatzaile bakarrak gu gara. Ez balitz ehizatuko, arazoa sortuko litzateke; Kontxaraino iritsiko lirateke basurdeak! Azkenean, mendiaren araberakoa da. Koadrilek kontu egin behar dute; arrasatuz gero, ez da bat ere geratuko».
Hain zuzen, ehiza garaia bukatzen denean kejak izaten direla nabarmentzen dute. «Basurdeak baserrietan sartzen dira, lurretan zuloak egiten dituzte, hesiak puskatu, orkatzek ere landareak jaten dituzte... Eta gu joaten gara gauza horiek konpontzera». Bestalde, «Gipuzkoan karakter soziala dauka ehizak», Muxarrako kideen esanetan. «Denek dute ehizerako aukera (azterketa gainditu ondoren lizentzia lortuta, eta armak erabiltzeko baimena edukita). Beste erkidego batzuetan ordaintzen duenak esplotatzen du eremua».
Iaz, 1.043
Ehiztari gero eta gutxiago, baina iaioak; iaz, Gipuzkoan, 1.043 basurde bota ziren Ehiza On aldizkariaren arabera. «Pazientzia eta afizioa» behar direla diote, «eta zakurra. Zakurrik gabe... Hori izaten da defektua, norberarena onena dela pentsatzea!». Era berean zaharrengandik ikastea ere garrantzitsua dela diote. «Gizakion instinto primarioa da ehizatzea; espezie salbaje bat segitu, aztertu, kostunbreak analizatu eta... bitxoa ala zu!». Lehengo urtean 58 bota zituzten Muxarrakoek, eta aurten 40 ezetz apustua egin duenik bada. Baina auskalo.... «Ehiztari eta arrantzaleek, erdia gezurra!».