Milaka eta milaka korrikalari abiatuko dira bihar Behobiatik, Donostiara eramango dituen 20 kilometroko ibilbide ezagunena osatzeko asmoz. Horien artean, aurten ere, dozenaka astigartar izango dira; 93 herritarrek bukatu zuten proba iaz.
Goizeko 10:00etan hasiko da Behobia-Donostia lasterketa, korrika doazenentzat. Ordu erdi lehenago, gurpildun aulkietan doazenak aterako dira, 09:30etan, eta bost minutura, 09:35etan, irristalariak abiatuko dira, rollerak.
Inoiz baino korrikalari gehiago, 19 multzotan
Hortik aurrera, multzoz multzo abiatuko dira korrikalariak. Guztira, 39.000 daude apuntatuta, inoiz baino gehiago, eta 19 taldetan banatu dituzte. Azkenak, 11:35etan aterako dira Behobiako irteeratik.