2016ko Udal aurrekontuak ahalik eta partehartzaileenak izatea nahi du EH Bilduk, eta orain lau urte hasitako bideari segida ematea erabaki dutela azaldu zuten atzo, prentsaurrean, Andoni Gartzia eta Ander Goikoetxea zinegotziek: «EH Bildu Udal Gobernuan izan den bitartean, auzoz auzoko dinamikak jarri dira martxan, helburu ezberdinekin. Eta horien artean, nagusiena izan da aurrekontuak modu partehartzailean lantzea. Oposizioan egonda ere, dinamika aberasgarria eta beharrezkoa dela sinesten dugu, partehartzea bultzatu eta gardentasunaren alde egingo dugu. Hala, hurrengo astetik aurrera, aurrekontu partehartzaileen dinamika jarriko dugu martxan».
Hamar bilera, ostegunean hasita
Azaldu zutenez, 10 bilera egingo dituzte, auzoz auzo: «aurreko urteetan ez bezala, erdigunea eremu gehiagotan banatzeko apustua egin dugu aurten, herritarrengana gehiago hurbiltzeko asmoz. Hamar bilera izango dira, bederatzi auzo edo eremutan banatuta».
Aurreneko bilera ostegunean izango da, hilak 12, eta abenduaren 1era arte izango dira saioak: «bilera irekiak izango dira, eta nahi duenak ondoen datorkion eremuetara gerturatzea izango du».
«Bileretan, legealdi berriaren balorazioa eta hurrengo urteetarako ildo nagusiak zehaztuko dira»
Bileretan landuko diren gaiak ere, azaldu zituen Gartziak: «legealdi berriaren inguruko balorazio laburra egingo da. Eta ondoren, hurrengo urteetarako lan ildo nagusiak zehaztuko dira herritarrekin batera; auzo eta herritarren eskaerak, kritikak eta proposamenak jasoko dira».
«Proposamenak kontuan hartzeko eskatuko da»
Gartziak azaldu zuenez, herriko eragileekin ere bilera errondak egiten ari dira, eta auzoetan jasotako proposamenak hauei gehituko dizkiete: «guztiak bat eginda, Udal Gobernuari eskatuko diogu 2016ko aurrekontu proiektuetan txertatzea, herritarren ahotsak aurrekontuetan oihartzuna izan dezan».
Herritarrei, parte hartzeko deia
EH Bilduk dei egin die herritarrei, bileretan parte hartzeko: «beharrezkoa uste dugu horrelako erabaki garrantzitsuak herritarrekin batera hartzea eta konpartitzea. Uste dugu horrelako egitasmoak beharrezkoak direla herritarren nahiak bildu eta Udala herritarrengana hurbiltzeko. Beraz, herritar, auzotar eta astigartar guztiak gonbidatzen ditugu bilera batera edo bestera azaltzeko, guztion ekarpena beharrezkoa baita aurrekontu txukuna eta herritarra izateko».
Bilera orduak eta lekuak
Azaroaren 12an, Perurenan, bertako pelotalekuan. 19:00etan.
Azaroaren 16an, Gazte lokalean, erdiguneko eta beheko plazako herritarrentzat, batik bat. 11:00etan eta 19:00etan.
Azaroaren 17an, Santiagomendi auzoan, 20:00etan.
Azaroaren 18an, Anbulategiko plazan, Errekatxo eta Portutxokoentzat. 19:00etan.
Azaroaren 19an, Oialumen, bertako tabernan. 19:00etan.
Azaroaren 23an, Ergobian, plazan bertan. 19:00etan.
Azaroaren 24an, Ermañan, Santiagomendi ekialdeko bizilagunentzako (Sagardotegi Zeharra, Ermaña Berri bidea, Manixene Bidea, Ioltza Bidea...). 19:00etan.
Azaroaren 30ean, Udaletxeko pleno aretoan, Goiko plazako bizilagunentzat. 19:00etan.
Abenduaren 1ean, Arrobitxulon, Arrobitxulo eta Urumea Berriko bizilagunentzat hitzordua. 19:00etan.