Konpromiso etiko bat onartu, eta herritarrei demokrazian sinistarazi behar zaiela azaldu du Mikel Duranek, Astigarragako PSE-EEko zinegotziak, Kronikara bidalitako prentsa oharrean. Duranen esanetan, azken urteetako krisi ekonomiko larriak eta ustelkeria kasuek ekarri dute herritarrek instituzioetan zuten sinesgarritasuna galtzea eta politikoak zentsuratzea: «egoera honen aurrean, politikook gure gain hartu behar dugu erantzukizuna. Lana egin behar dugu politikari duen zentzua emateko, eta herritarrei demokrazian zuten konfiantza itzuli behar diegu».
Konpromiso etikoaren proposamena, Udalean sartuta
Bide horri ekin nahian, Duranek konpromiso etikoaren proposamena sartu du Astigarragako Udalean: «gainerako zinegotzien babesa izatea bilatuko dugu. Helburua da, zinegotzien jarrera publikoa erregulatzea, gure lanak oinarri komun batzuen bitartez garatu ditzagun. Baita ere bilatuko da, zinegotziek garbitasuna eta erregenerazioaren konpromisoa hartzea, idatziz».
Duranek egindako proposamenean zehazten dira oinarrizko printzipioak eta printzipio etikoak; eta baita ere, nola jokatu Udaleko kide bat prozedimentu judizial batean inplikatzen badute: «atal honetan, aurreneko puntuan esaten da, edozein kargu hartu aurretik, zinegotzi guztiek sinatuko dutela deklarazio bat, eta bertan onartzen dutela: ez dutela erlaziorik izan ustelkeri kasuekin, genero indarkeriekin, akoso edo identitate sexualaren askatasunaren kontrako kasuekin, terrorismoarekin, torturekin edo integritate fisiko eta moralaren kontrako kasuekin, hirigintza edo ekologia delituekin, langileen eskubideen kontrako kasuekin edota delitu grabeekin».
Proposamen horretan biltzen da, baita ere, zinegotzi bati prozedimentu penalen bat ireki badiote, bere kargua utzi beharko duela: «inputatu egiten badiote, honen berri eman beharko du Bozeramaile Batzordean. Eta azkenean, sententzia firme batean absolbitu egiten badute, Udalaren konpromisoa izango da beharrezkoak diren neurriak hartzea zinegotziaren izen ona eta ohorea berreskuratzeko».
Era berean, proposamenean biltzen da, zinegotziek beti zintzotasunez jokatzea, efizientzia eta zorroztasuna oinarri izanda: «beraien gastuak mugatu beharko dituzte, eta eskura dituzten baliabide eta ondasunak gaizki erabiltzea saihestu beharko dute».
Udal ordezkarien soldatak eta gehiago, kode etikoan
Udal ordezkariek izan beharreko soldata eta jarreren inguruko xehetasunak ere biltzen ditu dokumentuak: «soldata erregulatzea ere bilatzen du dokumentuak, orain Pleno bidez erabakitzen dena. Era berean, desplazamenduetarako ahalik eta modu merkeena erabiltzea proposatzen dugu. Baita ere, eskatzen da zinegotziek ez parte hartzea onuraren bat jaso dezaketen gaietan; ezta ere, azken bost urteetan harremanen bat izan duten enpresa edo elkarteekin izan daitezkeen harremanetan. Jaso daitezkeen oparien inguruan ere, egiten da aipamena: zinegotziek ezingo dute oparirik jaso, eta beste erremediorik ez badute, Udalaren esku utzi beharko dituzte, edo irabazi asmorik gabeko entitate bati emango dizkiote. Azkenik, zinegotziak konprometituko dira kargu publikoen indultu eskaeretan ez parte hartzera».