Beste zita garrantzitsu bat dauka Hernanik, bihar. Aurkari zuzen bat izango du aurrean, Getxo, eta erronka berri bat begiz jota: aurreneko garaipena lortzea, Landaretik urrun. Faduran ariko dira trikoloreak, baina ez zaie faltako zaleen berotasuna.
Izan ere, autobusa jarri du Errugbi Elkarteak, eta zalez beteta joatea espero dute. Apuntatzeko, Zintzarri tabernan jarri dute zerrenda, eta 10 euro izango dira; sarrera, aparte.
Partidua eguerdiko 12:00etan hasiko da, eta bi ordu lehenago abiatuko da autobusa, Biteri aurretik. Elkarteak deialdia egin die zale guztiei, taldea animatzera joateko.
Hasiera onari jarraipena, helburua bideratzeko
Bikain hasi du denboraldia Hernanik, eta horri jarraipena eman nahi dio bihar, urteko helburu nagusia pixkanaka bideratzen hasteko; mailari eustea, alegia. Dagoeneko, 15 punturekin dago Hernani, 8garren postuan, eta 8 puntuko aldea dauka azkenaurreko sailkatuarekin; hain justu, Getxorekin.
Hernaniko zortzi neska, Euskadiko selekzioarekin
Emakumezkoek, bere aldetik, Gasteizen jokatuko dute bihar, Gaztediren kontra, Amaiur Torneoaren 5garren partidua. Eguerdiko 12:30etan izango da, Gamarra zelaian.
Eta hain justu, zelai horretan bertan egingo du entrenamendu bat, datorren larunbatean, Euskadiko selekzioak. Horretara, Hernaniko zortzi jokalari deitu dituzte: Ane Puerta, Nora Fuentes, Lea Etxebarrieta, Irati Ormazabal, Anabel Perez, Enara Cacho, Laura Lorenzo eta Igone Martin.
Hiru orduko saioa egingo dute, 10:00etan hasita.