Azaroaren 10a biktima guztien oroimeneko eguna izatea nahi du Astigarragako Udalak, eta bat egin dute Memoriaren Egunarekin. Astigarragako Udalak azaldu duenez, Udala bera ez da inoiz azaroaren 10ean ospatzen den Memoriaren egunera atxikitu: «aurten aldiz, bizitzeko eskubidearen urraketen txostena jaso dugula baliatuz, eta ETA, GAL eta Poliziaren abusuen biktima multzo baten eskaerarekin bat eginez, Udal honek nahi du azaroaren 10a biktima guztien oroimeneko eguna izatea».
Egun horretako ekitaldiei erreparatuz, Astigarragako bandera haga-erdian egongo da egun osoan zehar: «egun horretan biktima guztiei egiten diegun omenaldi gisa». Hamabost minutuko isilunea ere deitu dute, 12:00etan, Foru Plazan; eta lore eskaintza ere, izango da: «astigartar guztiak gonbidatu nahi ditugu parte hartzera».
Astigarragan, lau biktima
Udalak azaldu duenez, irailaren 4an Bilbon elkartu ziren EAEko 128 udalerrietako Alkateak, Iñigo Urkullu lehendakariarekin eta Jonan Fernandez bakengitzarako eta Bizikidetzarako idazkariarekin. Helburua zen, 50 urtetan erahildako biktimak zein ziren jasotzea, dokumentu batean.
Udalak gaineratu duenez, Jaurlaritzak landuta daukan txostenean biltzen ditu herri bakoitzeko biktimak: «Astigarragak lau biktimen erretratua jaso du: Joseba Barandiaran Urkola, Tomas Alba Irazusta, Bixente Perurena Telletxea eta Agustin Irazustabarrena Urruzolarena. Udalaren esanetan, egin nahi den erretratuaren helburua da, udalerrietako arduradunei oroitzapenerako proiektuak egiteko baliabideak ematea: «sekula gehiago egin behar ez denari eta sekula ahaztu behar ez dugunari buruzko erretratu bana, hain zuzen ere».